Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

Denboraldi berria

Ikusle eta ikertzaileetatik gertuago egotea du helburu 'Teknopolis'ek

Iñaki Leturia izango da aurkezle berria, Oihana Jauregiren ordez, eta Nagore Rementeriak hartuko du Beñar Kortabarriaren lekukoa zuzendari lanetan.

  • Teknopolis. Argazkia: EiTB

    'Teknoolis' saioko denboraldi berriaren aurkezpena. Argazkia: EiTB

Ostegun goizean aurkeztu da 'Teknopolis' saioaren 2014-15 denboraldia Miramongo Teknologia parkean. Izan ere, gaur emitituko dute Elhuyarrek EiTBrentzat sortutako saioaren denboraldi honetako lehen programa, eta berrikuntzekin iritsiko da, gainera. Aurkezle eta zuzendari berria izango ditu denboraldi honetan: Oihana Jauregiren ordez, Iñaki Leturia kazetaria izango da saioaren aurkezlea; eta, urte luzez 'Teknopolis'en zuzendari izan den Beñar Kortabarriak lekukoa pasatu dio Nagore Rementeriari. Bai Leturia bai Rementeria aurrez 'Teknopolis'eko lantaldeko kideak ziren, eta lantaldeko kide izaten jarraituko dute Oihana Jauregik eta Beñar Kortabarriak ere. Denboraldi berria larunbatero emango dute ETB1en, 13:20ean, eta astelehenero errepikatuko dute, 15:00etan. ETB2n, berriz, igandero emango dute, 09:30ean eta ostegunero errepikatuko dute, 11:00etan.

Leire Canciok, Elhuyarreko zuzendari nagusiak egin die harrera hurbildutako babesle eta kazetariei, eta esker hitzak izan ditu babesleentzat, "proiektu hau bideragarri egiteagatik, baita beraien ateak irekitzen dizkiguten ikerketa-zentro, unibertsitate eta bestelako eragileei ere". Nola ez, gogoan izan ditu saioaren ikusleak, eta, azkenik, baita ETBko ordezkariak ere: "Telebista publikoaren bi kateetan emititzen dute dibulgazio-saioa, 16 denboraldi daramatzagu jada, eta horrek erakusten du ETBk zientziaren eta teknologiaren dibulgazioaren alde egiten duen apustu garbia".

ETBko zuzendari Edu Barinagak, bere aldetik, 'Teknopolis' gabe ETB umezurtz geldituko litzatekeela nabarmendu du: "ETBrekin ibilbide luzea egin du 'Teknopolis'ek, eta gure besoak zabalik daude ibilbide hori luzatzen jarraitzeko elkarrekin". Gaineratu du 'Teknopolis' "izen propioa duen saioa" dela, alegia, ikusleen artean estimua duena, eta 2014an ETBko albistegien eta 'Teknopolis'en artean hasitako lankidetzaren garrantzia azpimarratu du.

Babesleen izenean, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Leire Bilbaok hitz egin du. "Gure enpresei indarra emateko eta merkatu berriak irekitzeko, gakoa da gizarteari esplikatzea zer den zientzia, zer den ikerketa eta zer berrikuntza, eta zer egiten dugun alor horietan hemen", esan du 'Teknopolis'en ekarpena nabarmenduz.

Azkenik, hitza hartu dute Nagore Rementeriak, 'Teknopolis'en zuzendari berriak, eta Iñaki Leturiak, aurkezle berriak. Beno, aurkezle, edo Iñaki berak nahiago duen bezala, "gidari" berriak.

Rementeriaren esanetan, aldaketak aldaketa, lantalde berak jarraitzen du 'Teknopolis' egiten, eta hain zuen talde horren esperientzia luzea gogorarazi du. Programaren formatuetan ere ez da aldaketa handirik izango, erreportajeetan oinarritzen jarraituko baitute, baina “gertutasuna” areagotuz: "Gertutasuna ikerketa egiten duten eragileekiko: lantokietan, faktorietan, ospitaleetan, ikerketa-zentroetan… ikusiko gaituzue". Baina baita beste era bateko "gertutasuna" ere: "lantaldea inplikatu egiten da egiten dituen erreportajeetan, eta inplikazio hori ikusleari transmititu nahi genieke, gaiak gertuago senti ditzaten".

Miramonen izan dira 'Teknopolis'en gainerako babesleen ordezkariak ere: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila; Mondragon Unibertsitatea; EHU-UPV; Teknika Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroa; eta aipaturiko Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila.