Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

ETB1en eta ETB2n

Fisikaren itxaropen handiak aztergai, aste honetako 'Teknopolis'en

EITB

Supereroaleak, fusio nuklearra eta ordenagailu kuantikoa lortzeko ikerketak azalduko dituzte hiru ikertzaile gazte euskaldunek.

  • Iñaki Leturia aurkezlea

    Iñaki Leturia aurkezlea

Aste honetako 'Teknopolis' saioak hiru ikertzaile gazte euskaldun hartuko ditu protagonista, eta supereroaleak, fusio nuklearra eta ordenagailu kuantikoa lortzeko ikerketak zertan diren azalduko dute, nork bere ikerketa alorretik.

Giro tenperaturan supereroaleak lortuko balira, korronte elektrikoa energia galdu gabe garraiatzea lortuko litzateke. Supereroaleen garrantziaz, ikerketen egoerari buruz eta etorkizunaz Ion Errea fisikariak hitz egingo du.

Goretti Sevillanok, berriz, fusio nuklearra izango du hizpide. Fusio nuklearrari esker, hondakinik gabeko energia agorrezina lortuko litzateke. ITERen egitasmo erraldoia izan daiteke fusioa lortzeko aukera, baina bukatzeko oraindik hainbat urte falta dira.

Julen Simon Pedernalesek ordenagailu kuantikoen alorrean ari da ikertzen. Ordenagailu kuantikoak milioika kalkulu aldi berean egiteko gaitasuna izan dezake, lortuko balitz, eta horren bila ari dira ikertzaileak. Oraingoz, amets bat bakarrik da, baina ikertzaileentzat benetako helburua da.

Bukatzeko, ikertzaile europear talde batek garunarekin dron bat gidatzea posible dela erakutsiko du saioan. Urrutitik gidatzen diren hegazkinak errealitatea dira gaur egun, baina urrutiko mandoa behar izaten dute. Ikertzaile talde batek garunaren bidez ere posible dela erakutsiko digu. Bitxikeria izateaz aparte, ikerketa alor horrek aukera handiak eman diezazkieke mugimendu arazoak dituztenei, izan ere, gurpildun aulkiak burmuinarekin gidatzea ere posible egin baitezake.

'Teknopolis' larunbatean emitituko da 13:30etan ETB1en eta igandean 09:30ean ETB2n.