Teknopolis
ETB1en eta ETB2n
Eguraldi iragarpenak eta itsas korronteak, 'Teknopolis'en
A.E.|EiTB
Halaber, itsasoa etorkizuneko janari-iturri gisa aztertuko dute aste honetako saioan.
Aste honetan Iñaki Leturiak aurkezten duen 'Teknopolis' saioan eguraldiaren iragarpena asmatzeaz arituko dira Euskalmeteko meteorologoekin. Euskal Herria eguraldia iragartzeko toki erraza edo zaila den ikusiko dugu. Jaione Munarriz Euskalmeteko meteorologoa mintzatuko da ETB1eko saioan eta Santiago Gaztelumendi Euskalmeteko koordinatzailea, berriz, ETB2n.
Itsasoa etorkizuneko janari-iturria izan daitekeela, batez ere orain arte ustiatu ez diren guneak ustiatzen hasten badira, hartuko du abiapuntu jarraian saioan emango duen erreportajeak. Haietako bat 200-1.000 metroko sakonerako tartea da, ilunantz-eremua deitzen den aldea. Hala ere, itsas biologoek gutxi ikertu dute eremu hori. Duela bi urte, AZTI-Tecnaliako zientzialariek itsasoko eremu horretako espezie batzuk aztertu ahal izan zuten Malaspina espedizioari esker. Baina egindako lana ez da nahikoa, eta nazioarteko ikertzaile talde batekin batera, ikerketarako deia egin dute.
Itsas-korronteen eraginez neguak Euskal Herrian epelak dira. Ameriketan, aldiz, gure latitude berean neguak oso hotzak izaten dira. Zergatia azalduko dute aste honetako 'Teknopolis' saioan.
Fiordoetako glaziarrak aztertuko dituzte azkenik. Groenlandiako izotza urtzen ari da. Horren ondorioz, itsas maila zazpi metro igotzeko adina ur itsasoetara jaurtiko direla uste da. Ikertzaileak lanean ari dira, ur guzti hori ozeanoetan nola zabalduko den ezagutu ahal izateko.
'Teknopolis' larunbatetan, 13:30ean, izaten da ikusgai ETB1en eta igandeetan, 09:30ean, ETB2n.
ETB2n.