Teknopolis
13:30ean
Biodibertsitatea ondasun, aste honetan, "Teknopolis" saioan
EiTB
Horrez gain, "Koronabirusaren gakoak" atalean txertoaren garapenari buruz arituko dira, eta Iera Arrieta UPV-EHUko irakasleak egin beharko dio "Atariko proba"ri aurre.
-
Iñaki Leturia, "Teknopolis" saioaren aurkezlea. Argazkia: EiTB.
Aste honetako "Teknopolis" saioa Armintzan hasiko da. Marea behean, arroketara bisita egin du Ibon Cancio UPV/EHU-ko ikertzailearekin, eta aurkitutako izakiek bidea emango dute horiekin egiten den ikerketaz hitz egiteko. Izan ere, baliabide oparoa da biodibertsitatea, gure kostaldekoa izan zein Amazonasekoa izan, eta, hain zuzen ere, horregatik arautua dago biodibertsitatearen erabilera ikerketan. Helburua aberastasun hori jatorrizko herrialdearen onurarako izatea da.
Itsasoan barneratuko da saioa ondoren. Atuna omen da mundukoan arrainik preziatuena. Ozeano Barean eta Indiakoan harrapatzen da batik bat, eta atun-ontziek arraina errazago eta erregai gutxiago kontsumituz aurkitu dezaten laguntzeko baliabideak ari da prestatzen Azti. Proiektu horren oinarria diren teknologia eta mundu mailako egiturak ezagutzera emango ditu saioak.
Aste honetako Koronabirusaren gakoak atalean txertoei erreparatuko die: txertoen garapena ziztu bizian doa, eta itxaropen handiak eragin ditu horrek, gehiegizkoak, agian. Garapen horren nondik norakoak ezagutuko ditugu "Teknopolis"en.
"Atariko proba" atala ere izango dugu aste honetan. Iera Arrieta irakasleen matematika irakaslea da, erronketara ohituta dago, beraz. Baina gaindituko ote du proba?
"Teknopolis" saioa larunbatean, 13:30ean izango da ikusgai ETB1en, eta igandean, 13:35ean, ETB2n. Bi emankizunak eitb.eus bidez ere eskainiko dira.