Teknopolis
13:30ean ETB1en
'Argia baino gehiago', asteburuan, "Teknopolis" saioan
EITB Media
Horrez gain, koronabirusaren mutazioez ere arituko da Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzailea.
-
Iñaki Leturia, "Teknopolis". Argazkia: EITB Media
Asteburu honetan argia izango du hizpide "Teknopolis" saioak. Hilabeteetako ikerketa-lanen ondoren, erradiazio ultramorea koronabirusa airetik eta gainazaletatik ezabatzeko gai dela frogatu berri da. Bizkaiko Argi-Tech eta Biotalde enpresak elkarlanean aritu dira desinfekziorako behar den erradiazio ultramorearen dosi eraginkorrak kalkulatzeko helbuarekin. Lortu dute eta, gaur egun, SARS-CoV-2aren arrastoa leku itxietatik desagerrarazteko argi-instalazioak eskaintzen dituzte. Horietako bat ikusteko aukera eskainiko du saioak.
Gaur egun gehien erabiltzen diren argiak LEDak dira. LEDen abantailak asko badira ere, lur arraroekin egindako iragazkiak behar dituzte funtzionatzeko. Lur arraroen ordezko, CICbiomaGUNEn proteina artifizialez egindako iragazki jasangarriak sortu nahi dituzte. Horretarako, bakterioen DNA aldatzen dute, haien makineria erabil dezaten proteina jakin batzuk ekoizteko. Erronka ingurune likidoetan funtzionatzen duten proteina fluoreszenteak testuinguru solidoetan iraunkorrak izatea da. Esate baterako, BioLED horiek etorkizuneko bonbilak izan daitezke.
Bestalde, asteroko Koronabirusaren gakoak atalean, mutazioen inguruan hitz egingo dute, koronabirusaren azken aldaerek kezka eragin baitu gizartean. Baina, zer dira mutazioak? Eta, zehazki, zer dakigu koronabirusaren mutazioei buruz? Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak emango dizkio galdera guzti hauei erantzuna.
"Teknopolis" saioa larunbatetan izaten da ikusgai, 13:30ean ETB1en, eta igandean, 13:35ean, ETB2n. Bi emankizunak eitb.eus bidez jarraitzeko aukera ere izango da.