Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

ETB1en eta ETB2n

Euskal ikerlarien ekarpena Marteko misioan, marteratzearen urteurrenaren harira, gaur "Teknopolis" berezian

EITB Media

'Euskaldunak Marten' izenburupean, urtebete honetan Mars 2020 misioan egindako aurkikuntzen errepasoa egingo dute, gugandik gertu egiten den lanari erreparatuta.

  • 'Euskaldunak Marten' izenburua duen "Teknopolis" saioaren irudia

    'Euskaldunak Marten' izenburua duen "Teknopolis" saioaren irudia. Elhuyar Fundazioa

Urtebete da Perseverance ibilgailua Martera iritsi zenetik, eta aste honetako "Teknopolis" programa hantxe kokatuko da. Mars 2020 misioan urtebete honetan egindako aurkikuntzen errepasoa egingo dute, eta misioaren meritua neurri batean gugandik gertu egiten den lanari zor zaiola erakutsiko dute.

Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusean Marteko arroken konposizioa aztertzen duten hiru eragiketa-zentroetako bat dago. Izan ere, Perseverance jasotzen ari den laginen datuak Lurrera heltzen ari dira, eta nazioarteko lantaldeek aztertzen dituzte. Hori bakarrik ez, hurrengo egunean roverrak egin behar duen lana ere planifikatzen dute. Esan daiteke roverrak jasotzen dituen aginduetako batzuk IBeA taldeak ematen dizkiola, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa eta berrikuntza analitikoko taldeak.

Marteko zeru laranja ere aztergai da azken urteetan: UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeak urteak daramatza hango aldaketa atmosferikoei begira. Gaur egun, Perseverance-tik iristen diren datuek planeta gorriko klima eta atmosfera hobeto ezagutzeko aukera ematen diote taldeari eta etorkizunean tripulatutako misio bat prestatzen lagunduko dute.

Perseverance ibilgailuak daraman teknologian ere bada euskal ekarpenik. Espazioko ikerketarako teknologiaren diseinuan eta garapenean eskarmentua du AVS enpresak. Dagoeneko Marten lanean ari dira ingeniaritza horretan garatutako gailuetako batzuk, eta, orain, hurrengo misioetarako tresneria prestatzen ari dira.

Horiek guztiak mintzagai izango dituzte aste honetako saioan. Larunbatean, 13:30ean, ETB1en; eta igandean, ordu berean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en jarraitu ahal izango dira.