Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

ETB1en eta ETB2n

Zientziaren dibulgazioa saridun, aste honetan, "Teknopolis" saioan

EITB Media

CAF-Elhuyar zientzia dibulgazio sarien irabazleekin izango dira eta saritutako lan eta gaiak aztertuko dituzte.

  • CAF-Elhuyar sarien banaketa.

    CAF-Elhuyar sarien banaketa.

Aste honetako "Teknopolis" saioan dibulgazioaren dibulgazioa egingo dute: CAF-Elhuyar sarietan izan dira. Urtero bezala, dibulgazio-artikuluak, kazetaritza-lanak, tesiak eta lehen sektoreko dibulgazio-lanak saritu dituzte; eta programa honetan, ekitaldi oparoaz gain, protagonistak hobeto ezagutzeko aukera izango dute.

Ane Portillo Blanco, esaterako. Biokimika eta biologia molekularra ikasi zuen eta bera da dibulgazio artikulu onenaren saria jaso duena. Artikulua berezia da formaz eta gaiaz, libidoaren hilketaren epaiketa kontatzen baitu. Portillok hasieratik argi zeukan irakasle izan nahi zuela, baina bidean ikerketa deskubritu zuen. Orain, doktore-tesia egiten ari da STEM hezkuntzaren inguruan. Atariko probari irribarre batez aurre egingo dio.

Amaiur Esnaolak, berriz, tesian oinarritutako artikuluaren CAF-Elhuyar saria jaso du. Gaueko bake frenetikoan dantzan segi dezan izena du artikuluak eta "altxor txiki" bati buruzkoa da; izan ere, bere tesiaren helburua Pirinioko muturluzearen inguruko jakintza sortzea izan da. Eta, orain, jakintza hori zabaltzen ari da. 

CAF-Elhuyar sarietan tradizioa da dibulgazioan ekarpena egin duten pertsonak omentzea eta, aurten, Elhuyarren 50. urteurrenaren kariaz, Elhuyar sortu zuen lagun-taldeak jaso du Merezimendu saria. 

Arteak eta irudimenak ere izaten dute lekua, eta aurten bereziki. Izan ere, aurreko urtean bi sorkuntza-beka banatu ziren, eta ekitaldian horien emaitza ikusteko aukera izan zen: lurraldearen antolaketari buruz gogoeta egitera bultzatzen gaituzten mapa topografiko ikusgarriak eta spamean oinarritutako musika-lana. Ezin dituzue galdu!

"Teknopolis" larunbat honetan izango da ikusgai 13:30ean ETB1en, eta igandean, 12:05ean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en jarraitu daitezke.