Txoriene
Aste Honetan
Euskal Herriko Dantza Txapelketako irabazleak aste honetan,'Txoriene'n
Hornitzaile eta profesionalei zuzendutako saioetan, Berako Zalain Jakiak eta Astigarragako Ikatza tabernako kideak izan ditu gonbidatu Zigor Iturrietak.
-
Zigor Iturrieta
Jokin Altuna pilotaria, Gorka Gereño sukaldari makrobiotikoa, Iker Sanz eta Leire Kamio Euskal Herriko Dantza Txapeketako irabazleak, Iñaki Pikabea Zalain Jakiak etxeko kidea, eta Loli Etxeberria Astigarragako Ikatza tabernako langilea izan dira aste honetan 'Txoriene' gastronomia saioko protagonistak. Arratsaldero, 15:00etan hasita, otordu sanoak eta goxoak prestatu ditu Zigor Iturrieta sukaldariak gonbidatu horiekin batera.
Astelehenetan, kirolariak izan ohi dira gonbidatu ETB1eko saioan. Oraingoan, Jokin Altuna pilotaria izan da sukaldean, eta hiru errezeta prestatzen lagundu dio Zigor Iturrietari: batata hummus pikantea; arrautza, hirugihar eta gazta kopatxoak; eta azkenik, oilasko entxiladak barrengorri molearekin.
Asteartean, nutrizioaren alorrean lan egiten duten adituen saioan, hilero legez, Gorka Gereño sukaldari makrobiotikoa izan da 'Txoriene'ko platoan. Gereñok beste hiru errezeta prestatuko ditu, beti ere, sukaldaritza osasungarria oinarri hartuta; tofu eta fruitu lehor patea; azelgak, saltsa berdean ganbekin; eta txipiroiak, arrozez eta barazkiz beteta arto saltsan.
Asteazkenean, Iker Sanz eta Leire Kamio Seguran ospatu zen Euskal Herriko Dantza Txapeletako irabazleak hartuko ditu Zigor Iturrietak. Muskuilu krema arroz frijituarekin, eta arrautza eta txorizo pastela, Hasselback patatekin prestatuko dituzte elkarrekin.
Ostegunean, hornitzaileen eguna izan ohi dugu. Oraingoan, Berako Zalain Jakiak etxeko Iñaki Pikabea izan du alboan 'Txoriene'ko sukaldariak. Lehenik, ahate kaneloia, foie saltsarekin egin dute, eta ondoren, Zalain jakiak etxeko produkturik ezagunena: haragi-bolak.
Astea amaitzeko, pintxoak jatera joan gara Astigarraga aldera. Ikatza taberna ezaguneko Loli Etxeberria sartu da sukaldean. Beraien tabernan ohikoak diren hiru jaki prestatuko dizkigu Zigor Iturrietaren laguntzarekin: otarrainxka brotxeta, Ikatza erara; Astigarraga pintxoa eta Txanpinoia, ixa erara.
Astelehenetik ostiralera, 15:00etan hasita, plater goxo eta osasungarriak prestatzen irakasten du Zigor Iturrietak 'Txoriene'n, ETB1en eta eitb.eus-en.