Ur Handitan
22:15ean
Adin txikikoen transexualitateaz, gaur gauean, 'Ur Handitan'
A.E.|EiTB
Txikien urrats handiak izenburuko erreportajea eskainiko dute Xabier Madariagak aurkezten duen saioak.
'Ur Handitan' saioaren bigarren atalean, transexualitatea izango dute hizpide, adin txikikoen transexualitatea hain zuzen ere. Izaera sexuala betidanik genitalekin lotu izan den arren, pertsona batzuen errealitatea ez dela horrelakoa ikusiko dugu saioan zehar.
Horretarako, Uhartera joango da Xabier Madariaga. Bertan, Mikele izeneko nerabe transexualaren egunerokotasuna ezagutuko dugu. Bere familiak eta lagunek gaia nola bizi duten erakusteaz gain, hormona-tratamenduak zertan datzan azalduko digu Mikelek.
Iker izeneko hiru urteko haur transexual baten familiaren testigantza ere izango dugu. Bi protagonista hauen kontakizunaz gain, transexualitatea modu traumatikoagoan bizi izan duten belaunaldi helduagoen testigantzak jasoko ditugu. Ikuspegi orokorragoa emateko asmoarekin, Aingeru Mayor Chrysallis elkarteko presidentearekin eta Nahia Rojo Berdindu elkarteko sexologoarekin ere izango dira 'Ur Handitan' saioan.
Gaur gauean, 22:20tik aurrera izango da ikusgai saioa ETB1en eta eitb.eus-en.