Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

ETB1en, 22:45ean

Landa-eremuen despopulazioaz, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

EiTB

Azken urteetako joera demografikoaren erakusgarri diren Nafarroako Beintza-Labaien eta Arabako Urizaharra herrien egoera ezagutuko dugu.

0:21
'Ur Handitan'

Euskal Herriko landa-eremuak husten ari dira herritarrek hirietara jotzen duelako. Azken urteotan asko dira egoera kezkagarria duten eskualdeak, joera demografiko arriskutsua erakusten dutenak, Nafarroako Malerreka eta Arabako Mendialdea, besteak beste. Zehazki, eskualde horietako bi herritan egon da 'Ur Handitan' saioa: Beintza-Labaienen eta Urizaharrean.

Arabako Mendialdeko Urizaharra udalerria sei herritxok osatzen dute. Egun, 282 biztanle ditu guztira. XX. mendearen hasieran, populazioa hirukoitza zen. Neguko lanegunetan kalean ez da arimarik ikusten. Gasteizko gertutasunak 'lo-hiri' izatera kondenatu du. Urizaharra herrian medikua dago, baina ez dago pediatrarik, ez dendarik, ezta eskolarik ere. Lanegunetan, taberna bat besterik ez dago.

Esan liteke Julen Diaz urizahartarra despopulazioaren fenomenoren parte dela. Lana dela eta, orain urtebete Gasteizera joan behar izan zuen bizitzera. Julenen ustez, Urizaharreko arazo nagusia lan falta da. Hala ere, argi dauka familia bat osatzen duenean herrira bueltatuko dela.

Oiana Zufiaur gasteiztarrak kontrako bidea egin zuen orain dela zazpi urte; hiritik landa-eremura, Pagoeta herrira, hain zuzen. Lasaitasunaren eta naturarekiko kontaktuaren bila joan ziren Oiana eta Aitor, bikotekidea, hara. Arbasoen herrira bueltatu dira. Familia bat osatu dute eta poz-pozik bizi dira bertan.

Mikel Albisu donostiarra da horren beste adibide bat, duela 30 urte joan baitzen hiritik Beintza-Labaien herrira. Malerreka eskualdean kokaturiko herri horrek egun 227 biztanle ditu, duela mende bateko 674en aldean. Garai batean hiru ostatu zeuden bertan; egun, ordea, Mikelek kudeatzen du hango ostatu bakarra. Herriaren gainbehera barraren bi aldeetan bizi izan du azken 30 urte hauetan. Semaforo baten hori kolorearekin alderatzen du herriaren egungo egoera, eta laster gorrira pasatzeko arriskua azpimarratzen du. Mikelekin batera, herriko hiru gazte herriaren etorkizunaren inguruan solasean aritu dira.

Populazio jaitsiera horren erakusle garbia herriko eskola da. Miren Irurzun da bertako zuzendari, idazkari eta irakasle bakarra. Egun, hiru familiaren bost ume daude bertan, eta ratio minimoaren mugan dabiltza. Beraz, herriko eskolaren etorkizuna kolokan dago; Mirenek dioen moduan, herri baten identitatearen zutabeetako bat.

Begoña Urroz Beintza-Labaiengo postariak ondo gogoratzen ditu eskolan berrogei neskatila inguru zireneko garaiak. Egun, ordea, horietako askok herritik alde egin dute, eta beste bizitza baten aldeko hautua egin; ondorioz, herriko frontoiko paretek ez dute garai bateko umeen algaren oihartzuna islatzen. Begoñak berak seme-alabak herrian hazi eta hezi arren, horiek egun Beintza-Labaiendik kanpo egiten dute bizitza.

Begoñak eta Juani Goñik penaz gogoratzen dute herriko azken komertzioaren, beraiek dioten moduan "Sabinaren dendaren" itxiera. Duela urtebete eskas jaitsi zuen pertsiana, eta Beintza-Labaiengo herritarrek ere tristeziaz hartu zuten berria. Juanik, hala ere, hipermerkatu handien eraginaz gainera, herritarrengan jartzen du erantzukizunaren parte handi bat.

Despopulazioa, eta honi nola aurre egin, 'Ur Handitan' saioan hizpide, gaur, 22:45ean, ETB1en eta eitb.eus-en.