Ur Handitan
22:30ean
Heroinaren hondotik, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan
EITB
80 eta 90ko hamarkadetan Euskal Herrian izan zen heroinaren izurritearen biktimen testigantzak bilduko ditu Xabier Madariagak.
25 urte inguru igaro dira heroinaren izurriteak goia jo zuenetik. Gure inguruko gazte asko hil zituen heroinak; pasa den mendeko 80ko eta 90eko hamarkadetan, batez ere. 'Ur Handitan' saioaren gaurko atalean, bizirik irten zirenengana zein bidean gelditutakoen familiartekoengana joko dute, zein zulotatik irten diren eta zer gainditu behar izan duten gertutik ezagutzeko.
Marian Etxabe 61 urteko emakume ondarrutarra infernu horretatik bizirik ateratzea lortu zuen bakarretako bat izan zen. 16 urterekin probatu zuen lehenengo aldiz heroina eta hamarkada batzuk pasatu zituen drogetan murgilduta. Lagun gehienak hil zitzaizkion eta bera ere ospitalean egon zen hamaika aldiz oso larri. El Patriarca desintoxikazio zentro famatuetan ibilia da, baina azkenean bere kabuz lortu zuen droga uztea. Egun, Ondarroan bizi da, arropa denda bat dauka eta bere istorio gordina kontatu dio Xabier Madariagari.
Mari Angeles Castellanoren alaba zen Itxaso Aramendia. 80ko hamarkadan Itxaso heroinan sartu zen bere senarrarekin batera. Orduan, Mari Angelesek borroka handia hasi zuen alaba drogetatik ateratzen laguntzeko. Lehenengo pausoa, Itxasori ultimatuma ematea izan zen: droga uzten ahalegintzen ez bazen, etxetik botako zuten. Azkenean, Itxasok laguntza onartu eta Gizakia Helburu elkartean desintoxikatzeko prozesu luzea hasi zuen.
Mikel Aramendia Itxasoren anaiarik gazteenak ondo gogoratzen du garai hura. Ordura arte ez zuen harreman handirik izan Itxasorekin. 17 urte besterik ez zuenean, ordea, bizitzak egoera zail baina beharrezkoan jarri zuen Mikel: arreba zaharrena eraman behar zuen egunero Gizakia Proiektuaren Gasteizko egoitzaraino.
Amak zein anaiak bizi izan zuten Itxaso etengabe "zelatatzearen" paper zaila. Hala ere, gogorrena etortzeko zegoen heroinatik irteteko bide luzearen ondoren. Behin bizitza berregin zuenean, pneumonia batez hil zen Itxaso. Familiak, hala ere, Itxasoren galera heroinaren aurkako borroka gainditu izanarekin arintzen du.
Mari Angelesek eta Begoña Goitiak, Gizakia Helburu elkartean ezagutu zuten elkar. Esan bezala, lehenengoak alaba zuen bertan; eta Begoñak, Mikel bere seme bakarra. Horrelako egoera gogor batean ezagutzeak betirako batu zituen. Gerora, elkarte ezberdinetan arazoak dituzten pertsonei laguntzen ibili dira.
Begoñaren semea, Mikel, duela urtebete inguru hil zen. 18 urte ingururekin hasi zen heroina kontsumitzen eta Gizakia Helburutik pasa ondoren, metadona kontsumitzen jarraitu zuen.
Eugenio Perez bermeotarra, 13 urterekin hasi zen itsasoan lanean. Dirua azkar lortzeak eta Euskal Herrian zegoen heroinaren gorakadak, kostako herri honetan sekulako triskantza eragin zuen. Horren erakusle nagusia, Eugenioren arrantza-lagun eta koadrilako gehienak hilik daudela da.
'Ur Handitan' astearteetan izaten da ikusgai 22:30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.