Ur Handitan
22:30ean
'Zientziaren ordua', gaur gauean, "Ur Handitan" saioan
EiTB
Xabier Madariaga nazioarteko aitortza duten euskal zientzialariekin izango da, zientziak gizartean izan behar duen paperaz hausnartzeko.
COVID-19aren krisiaren eraginez, ikertzailez, zientzialariz eta medikuz bete dira komunikabideak azkenaldian. Badirudi zientziaren ordua dela, baina, erantzun azkarretatik harago, zein da zientziak gure gizartean duen eta izan beharko lukeen papera? Nola aldatu du zientziak mundua? Zein erronka ditugu aurretik? Gai horien inguruan arituko dira "Ur Handitan" saioan gaur gauean.
Horretarako, nazioarteko aitortza duten euskal zientzialari prestigiotsuenekin izango da Xabier Madariaga. Hasteko, aurkezpenik behar ez duen Pedro Miguel Etxenike katedradunarekin elkartuko da Donostia International Physics Center (DIPC) zentroan. Egoera berri honetan jada ateak ireki dituen erreferentziazko espazio horren presidentea da Etxenike, eta dagoeneko bertan dira lanean munduko hamaika txokotatik etorritako hainbat ikerlari.
Etxenikeren ekosistema horren parte da Aran Garcia-Lekue fisikaria. Euskal zientzialari gazteen eredu garbienetakoa da: emakumezkoa, nazioartean formakuntza jasoa eta egun DIPCen dabilena. Zientziaren eginkizunaz, etorkizuneko erronkez eta iraganeko akatsetatik ikasi beharraz arituko dira berarekin. Nazioarteko zenbait lankiderekin batera, horien laborategi eta ikerketarako guneetan barneratuko da saioko lantaldea.
Leire Madariaga Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko pediatra eta nefrologoa da. Horrez gaiz, Biocruces-Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuan egiten du lan ikerlari gisa. Bertan, giltzurruneko gaixotasun hereditario eta arraroen taldeko koordinatzailea da. Ikerlarien belaunaldi-erreleboa ordezkatzen du Leirek.
Itziar Vergara familia medikua da. 2011tik Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Lehen Mailako Arretaren eta Erakunde Sanitario Integratuen alorreko ikerketa taldeko burua da. Itziarrek aktiboki hartu du parte COVID-19aren krisiaren kudeaketan Bidasoa eskualdean. Itziarren eskutik, laborategian sartuko da "Ur Handitan", bertan egiten ari diren proiektuetako bat ezagutzeko.
Bioaraba Osasun Institutuko Izaro Kortazar ikerlariarekin ere egongo da Xabier Madariaga. Gaur egun, neurologo kliniko gisa ari da, eta endekapenezko gaixotasunei buruzko ikerketak egiten ditu.
Zientziak eraman zuen Eneko Axpe barakaldarra Kaliforniara. NASAn lanean dabilen 34 urteko euskaldunak Marterako prestatzen ari diren hurrengo espedizioko astronauten hezurretan espazioko muturreko baldintzen eragina ikertzen du.
Javier Aizpurua mundu mailan erreferentzia bibliografiko gehien duen euskal zientzialaria da. Argiaren ikerlari donostiar honekin batera, Jaizkibel mendiaren magalera joango da programako lantaldea, zientziaren edertasunaz gozatzeko laborategietatik at.
"Ur Handian" saioak Zientziaren ordua atala eskainiko du gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.