Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Kontzertu berezi batekin esango dio agur "Ur Handitan" saioak denboraldiari gaur

EiTB

Xabier Madariagak aurkeztutako saioa Azkoitiko Bulego taldearen kontzertuaren antolaketa-prozesuan murgilduko da.

0:23
Bulego taldearen kontzertua

Gaur gauean, "Ur Handitan" saioak Kontzertua izeneko erreportajea eskainiko du, denboraldiko azkena. Covid-19aren pandemiak markatu du denboraldi honen amaiera, eta azken atal honek "normaltasun berria" islatuko du. 

Martxoan itxialdia hasi zenetik, kultur munduak online aritu beste aukerarik ez du izan. Berriki hasi dira zuzenekoak egiten, neurri bereziak hartuta eta edukiera murriztuta. Ekainean hasi dira lehen kontzertuak, eta horietako bat Azkoitiko Bulego taldearena izan da. Azkoitian egin zuten, ekainaren 20an, Oteiza frontoietan, 310 pertsonaren aurrean. Xabier Madariaga "Ur Handitan"eko aurkezlea bertan sortutako giro bereziaren lekuko izan da.

Kontzertu horren antolaketa-prozesuan egon zen ETBko saioaren lantaldea. Bulego taldeko kideak entseatzen ikusten eta horien errealitate pertsonalak ezagutzen ibili da Xabier Madariaga; izan ere, programa honekin Euskal Herriko hainbat musika-talderen mundura hurbildu nahi izan du "Ur Handitan"ek.

Bulego taldea iaz sortu zen, Passepartout taldeko kideek hainbat erreferentzia musikal nahiz kulturalekin hornitzea eta proiektu berri baten aldeko apustua egitea erabaki zutenean. Beraien hobbya profesionalizatzeko pauso bat emateko helburuarekin, pop dantzagarriz eta energia positiboz betetako doinuak eskaintzen dituzte. Harremanak, sentimenduak eta eguneroko bizitzako kontu txikiak aipatzen dituzte kantetan. "Hegan" izeneko singlearekin estreinatu ziren Gaztea irratian, eta maiatzean kaleratu zuten iraupen laburreko lehen lana.

Tomas Lizarazuk (ahotsa eta gitarra), Jontxu Apek (baxua), Ruben Lizarraldek (gitarra), Itzi Beitiak (teklatua) eta Xabier Arrietak (bateria) osatzen dute Bulego. Tomas eta Xabi hamar urtez ibili dira elkarrekin musika egiten hainbat talde eta proiektutan. Itzi eta Jontxu bikotekideak dira, eta hiru urteko alaba dute elkarrekin. Ruben tabernaria da, eta Azkoitiko Atraskua taberna mitikoan egiten du lan. 

Oteiza frontoietan eskaini dute kontzertua, Herria berpizten lelopean, eta Euskal Herrian garai berrietara egokitutako era honetako ekimenetan lehenetarikoa izan da. Ekitaldi honekin, Azkoitiko herriaren bizipoza berreskuratu nahi izan dute. Koronabirusaren krisiak eragindako inpaktu sozial eta galera ekonomiko latzaren aurrean, "normaltasun berria" lortzeko bidean, ekarpen propioa egin nahi izan du Bulego taldeak, "garai zailak bizitzea suertatu zaigun arren, etorkizunera begira jarrita".

"Kontzertu bat egiteaz haratago, herria berpizten hastea izan da gure helburua, eta, horretarako, herriko zenbait sektoreri bultzada emateko helburua izan dugu". Saltoki txikiak, sortzaileak, kultur ekitaldietako langileak eta boluntarioak animatu dira ekimenarekin bat egitera.

"Ur Handitan" saioaren denboraldiko azken atala gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.