Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:15ean

'Horrelakoa naiz ni!' erreportajea "Ur Handitan" saioan astearte gauean

EITB Media

Inposaturiko eredu estetikoetatik kanpo, haien burua aldarrikatzen duten lau emakume ezagutuko ditu Xabier Madariagak.

0:30
'Horrelakoa naiz ni'

Gaur gauean, ETB1eko "Ur Handitan" saioan estereotipo fisikoen inguruko Horrelakoa naiz ni! erreportajea eskainiko dute. Giza gorputzak askotarikoak eta ezberdinak dira baina modak ez du aniztasuna maite. Argal, gazte, armoniko, simetriko. Edertasuna neurtzeko parametro batzuk erabiltzen ditugu, baina beti ez dira berdinak izan. Egun, irudiaren gizartean, ustezko gorputz perfektu baten bila bizi gara ... baina zer da perfektua?

Saioko lehen protagonista Amagoia Leal hondarribiarra izango da. 14 urte zituelarik, astebetean, buru zein gorputzeko ilea guztiz galdu zuen. Aurreneko erreakzioa etxetik ez irtetea izan zen baina familiak lagunduta, eta buruan txano bat jarrita, lehen pauso hori ematea lortu zuen. Egun hartatik ezezagunen begiradak jasan behar izan ditu. Erik Gonzalez, Amagoiaren bikotekideak argi du emakumezko baten burusoiltasunak jendearen arreta deitzen jarraitzen duela. Amagoiaren lagun diren Ane Castelló de la Cabak eta Irati Ugartemendiak egoerari buelta eman, eta Amagoiarekin batera, umorez eta taburik gabe hitz egiten dute bere burusoiltasunaz.

Ondoren Ainhoa Artetxeren istorioa ezagutuko dute ikus-entzuleek. Bederatzi urte zituenean atera zitzaion lehen orbana gorputzean. Hasieran medikuek zer zen ez zekiten arren, handik gutxira bitiligoa diagnostikatu zioten. Nerabezaroan, aurpegian zuen orbana hedatuz joan zen gorputz osoan zehar. Urte luzez hainbat tratamendu probatu ostean, bitiligoa bere egin zuen Ainhoak, ezberdin egiten duen hori ikur gisa erabiliz eta bere aktore karrerarekin bateragarri eginez. Lagunak beti izan ditu bidaide eta Libe Kerroumek bereziki nerabezaroa gogoratu du Ainhoarentzat garai gogor gisa. Gaur egun, ordea, ahaldunduta eta aske ikusten du bere laguna.

Aintzane Artolak ere bere esperientzia pertsonalen testigantza emango du "Ur Handitan" programan. Bularreko minbiziaren ondorioz, bular bakarra du gaur egun. Operazioa gauzatu berritan protesia jartzea aukeratu zuen. Baina deserosotasunak eta bere buruarekin gustura ez sentitzeak, hurrengo galderak egitera eraman zuen: “Zergatik irudikatu behar dut bi bular ditudala? Norentzako janzten dut protesia?”. Mediku, aditu zein laguntza elkarteetan ez zuen bere burua asetzen zuen erantzunik aurkitu. Bere kabuz, kalera bular bakarrarekin irtetea erabaki eta hala ari da ordutik, gizartearen aurreiritziei aurre egiten. Aintzaneren bikotekidea den Unai Agirrek Aintzaneren prozesu pertsonalean akonpainamendu lana egin du.

Laugarren protagonista Maider Lazkano izango da. Ikastolako jolastokian hamar urte zituenean deitu zioten lodi lehenbiziko aldiz.  Ordutik bere gorputzarekin izan duen harremanaz aritu da Xabier Madariaga berarekin. Feminismoa eta umorea ezinbesteko tresna izan ditu ahalduntze prozesuan. Duela urte batzuk umorezko bakarrizketen bidez bere esperientzia kontatzen hasi zen Maider, eta hasiera batean bere helburu nagusia aktibismoa egitea ez zen arren, barrea eragiteaz gain, loditasunari eta gizartean hain barneratuta dagoen lodifobiari buruzko hausnarketara eraman ditu bere ikusleak. Bere amak, Maria Jesus Zuñigak, familian nola bizi izan duten kontatu du.

"Ur Handitan" astearteetan izaten da ikusgai, 22:15etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.