Ur Handitan
22:15ean
'Garapenak itota' erreportajea, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan
EITB Media
Artozki, Errekalde, Elorriaga edota Arriandi ezleku bilakatu zaien auzokideen testigantzak bilduko ditu Xabier Madariagak.
Garapen ekonomikoak, industrialak edota urbanoak goitik behera aldatu dute Euskal Herriko paisaia azken hamarkadetan. Urte gutxian aldaketa asko izan dira, eta hainbat herritarrentzat garai bateko bizilekuak desleku dira orain. Garapenak itota bizi diren euskal herritar batzuen bizipen pertsonalak ezagutuko dituzte "Ur Handitan" saioan gaur gauean.
2003. urtean Itoizko urtegiaren eraikuntzarako eraitsi zituzten Nafarroako bi herri dira Artozki eta Nagore. Baruk Diez Artozkin jaiotako azken umeetako bat da; 4 urte zituela bota zioten herria. Baruken aita Javier Diezek ez du egun hura inoiz ahaztuko. Ordutik, koma emozional moduko batean dagoela aitortzen du. Barukek eta bere anaia Pablo Diezek ere min hori barnean dute. Hala ere, aitak dioen bezala, urak ez du ezeren errurik eta egun Artozki gaineko uretan arrantzatzen aritzen dira.
Blanka Zazpe, Nagorekoa da. Emakumeak, herri erdia eraitsi zutenetik jada ez du bere sentitzen, euren etxea botatzearekin batera euren iragana eta oraina desagertu baitzen.
Jose Luis Padillak 15-16 urte zituela hasi ziren Bilboko Errekalde auzoko autopista eraikitzen. Gogoratzen du ez zekitela zertarako zen, zer egitera zihoazen. Azkenean, 73 etxebizitza bota zituzten, baita eliza eta komentua ere. Ane Monje errekaldetarrak auzoa bitan banatu zitzaiela dio, auzotarren arteko loturak guztiz hautsiz. Bere kasuan, auzoaren beste aldera bizitzera joan behar izan zuen, guraso nagusiak zaintzeko. Xabi Fernandezek, Aneren semeak, auzo berdetsua eta landa eremu kutsukoa gogoratzen du; autopistak, ordea, dena aldatu zuen.
Arabako Elorriaga udalerrikoak dira Iosu eta Aitor Iñiguez de Heredia aita-semeak. Lehenengoaren kasuan, baserri-giroko Elorriaga bat ezagutu zuen umetan, Gasteiz hiria ia kilometro batera zuena. Semea, ordea, Gasteizen absortzio prozesuarekin batera hazi da. Elorriagaren herri izaera mantentzen saiatzen diren arren, epe laburrean Elorriaga Gasteizko auzo bilakatuko dela aitortzen dute.
Iurretako Arriandi landa auzoan jaio zen Mila Mendiola. Egun auzoak izen bera izan arren, estetikoki guztiz aldatua dago. Fabrika, pabiloi industrial eta kamioiek bere baserri eta zelaiak guztiz inguratu dituzte. Industrialdearen sorrerarekin batera, auzoak berak zuen bizitza desagertuz joan da Josu Begoña auzotarraren esanetan. Ordutik, baserria galtzeko beldurra ere etengabekoa izan da. Txaro Larrinagaren baserriaren kasuan, autopistak eta errepide nagusiak hartu ditu garai batean aberez eta baratzez beterik zeuden zelaiak.
"Ur Handitan" saioa astearteetan izaten da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.