Ur Handitan
22:15ean
Euskal Herriko objektu ikonikoak hizpide, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan
EITB Media
Tourreko mendiak igo dituzten bizikletak, pilota mundu guztian ezagun egin duten xisterak, tradizionaletatik modernoetara, euskal objektu ikonikoen errepasoa egingo du Xabier Madariagak.
Gizakiok egiten ditugu objektuak, baina hortik aurrera bizitza propioa dute. Batzuk oharkabean pasatzen diren bitartean, beste batzuk ikoniko bihurtzen dira. Pilota mundu guztian ezagun egin duten xisterak, bazkalosteak animatu dituzten karta jokoak, Tourreko mendate gogorrenak igo dituzten bizikletak, euskaldunei skatearen mundua erakutsi dien sancheskia... Tradizionaletatik modernoetara, Euskal Herriko objektu ikonikoei errepasoa egingo diete gaurko "Ur Handitan" saioan, horien atzean ezkutatzen diren historia eta istorio pertsonalak ezagutuz.
Gaur egun ezagutzen dugun xistera 1857an sortu zen Senperen. Objektu harekin, ordura arteko pilota jokoak abiadura eta beste ikusgarritasun bat lortu zuen. Entrenimendu berri hura berehala suertatu zen arrakastatsu eta, Euskal Herriko beste txokoetara hedatzeaz batera, ozeano Atlantikoa igaro zuen eta sekulako fama bereganatu zuen Estatu Batuetan eta Erdialdeko Amerikan. Markina izan zen pilotarien harrobi garrantzitsuenetariko bat. Bertan jaio zen astearteko protagonistetako bat, Tomas Goyonaga, munduko lehen zesta punta txapelduna, 16 urterekin Miamira joana. Oraindik badago kirol harekiko zaletasuna herrian, eta horri buruz mintzatuko da Santi Olabe pilotari ohia. Saioak, halaber, erremontea ezagutuko du, xistera erabiliz jokatzen den beste modalitate bat, Juan Pedro Ugarte xisteragile hernaniarraren eskutik.
Bestalde, Marino eta Ismael Lejarreta anaien txirrindularitzarekiko pasioan, zerikusi handia izan dute Orbea bizikletek. Txikitan izan zuten lehendabizikoa eta haren gainean ibiltzen sortu zitzaien benetan lehiatzeko grina. Bizikleta horiekiko sentitzen dutena, eta Orbearekiko harremana azalduko dute bi protagonistek.
80ko hamarkadako haurren iruditerian, txoko berezia dauka sancheskiak. Batzuek patinete txiki koloretsuarekin lotzen dute izen hura, beste batzuek, aldiz, egurrezko taula zabalarekin. Gutxik ezagutuko dute, ordea, objektu haren jatorri euskalduna. Iciar Sanchezek kontatuko digu, Sancheski enpresa aurrera daraman hirugarren belaunaldiak. Iraganaz eta etorkizunaz mintzatuko zaigu enpresari gaztea, eta baita Jose Miguel Tolosa eta Janire Gonzalez ere. Team Sancheskiko kide izan zen Tolosa 1970eko hamarkada amaieran, eta Estatu mailako hainbat txapelketatan hartu zuen parte. Gonzalez, aldiz, Espainiako Surf txapeldunik gazteena izan da, eta sancheskia erabili ohi du entrenatzeko.
Seguru aski, Euskal Herriko etxe gehienetan egon da behin edo behin Heraclio Fournier karta sorta bat. Gasteizen sortu zen mahai joko hura mundu osoan da ezagun gaur egun, eta batzuentzat, garrantzi berezia du. Iraide Gorrotxategi mus jokalariaren kasuan, kartek aurrera egiteko aukera eman diote, hainbat urtez une latzak bizi eta gero, jende berria ezagutu eta bizitza berri bat hasteko. Irati Gorrotxategi lezotar gazteak, berriz, kartek baserri munduan aisialdirako duten garrantziaz hitz egingo du, eta ia galtzear dagoen Truk jokoaz.
Euskal Herriko objektu ikonikoei helduko die "Ur Handitan" programak gaur, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.