Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:15ean

'Albistearen atzetik' erreportajea, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan

EITB MEDIA

Xabier Madariagak gidatuta, nazioartean lehen lerroan dauden euskal kazetariak izango ditu protagonista.

0:33
Xabier Madariaga

Gaurko atalean, azken albistearen atzetik lehen lerroan dabiltzan euskal kazetari, korrespontsal eta berriemaile bereziak izango ditu "Ur Handitan" saioak bidelagun. Nor dira mundu mailako gatazken berri ematen diguten profesionalak? Nola bizi dute egoera arriskutsuetan barneratzea?

Andoni Lubaki fotokazetari urretxuarra da. Saharan, Libian, Iraken, Aljerian, Sirian... ibili da lanean, Associated Press eta Vice News agentziekin kolaboratuz, eta bere argazkiak, The New York Times, The Guardian, The Washington Post, Garan eta Argian argitaratu dira. 2013an, Alepon, ustezko talde errebelde yihadista batek bahitu zuen 14 orduz. Horrek, ordea, ez zion burutik kendu errealitate gordin horiek bere argazki kamerarekin munduari ezagutarazten jarraitzea.

Prentsa idatzian ere baditugu lehen lerroan ibilitako kazetariak. Kristina Berasain da horietako bat, Berria Mundua saileko arduraduna urte askotan. Nahiz eta korrespontsal gisa inoiz ez ibili, egunkariak sarritan bidali izan du leku gatazkatsuetara horien berri 'in situ' emateko. Gaza, Riff, Ceuta eta Melilla, Egipto, Mexiko... asko izan dira, baina bereziki, Sahararekin dauka lotura. "Hori izan zen nire lehenengo bidaia, eta benetan konprometituta nago hango jendearekin. Oso garrantzitsua da kazetaritzan kalean egotea, eta errealitate horiek zuzenean ezagutzea".

30 urte zituela Euskal Herrian erredakzioko lanari uko egin zion Mikel Ayestaranek Ekialde Hurbilean freelance gisa aritzeko. Betidanik gustatu izan zaio bidaiatzea, eta horietako batean zegoela hartu zuen erabakia, Iranen. EITBrentzat eta Vocentorentzat egiten du lan ordutik, eta hainbat gerraren jarraipena egiten ibili da: Siria, Gaza... Urte luzez familia urruti izan du, eta aitortzen duenez, hori izan da okerren bizi izan duena. 2015etik, ordea, bere emazte eta seme alabekin Jerusalemen dauka etxea.

Bestalde, Afrikari buruz asko dakien Oskar Epelde euskal kazetaria izango da gonbidatu. Urte askoz egon da berriemaile arrasatearra kontinente honetako kontuak ETBko albistegietan kontatzen, baita Latinoamerikako TeleSur katean edota Berria egunkarian ere.

Ikus entzunezko ikasketak bukatu eta berehala joan zen Ane Irazabal Palestinako komunikabide txiki batera ofizio hau probatzera 25 urte zituela. Palestinan ibili eta gero, Egiptora joan zen, Mubaraken ondorengo etapa kontatzera, baina 2013ko estatu kolpeak eragin zuen errepresio bortitza zela-eta, Erromara mugitu zen. Ordutik bertan aurkitzen da, azken urteetako krisi humanitario handienaren berri ematen: errefuxiatuena.

EITBren Hego Amerikako korrespontsala da Arantxi Padilla 2011 urtetik, nahiz eta 2016an etenaldia egin zuen Euskal Herrira itzultzeko. Hala ere, berehala konturatu zen, behin beste errealitate hura ezagututa, han gusturago zegoela bere lanarekin, nahiz eta egoera arriskutsuak bizi eta ikusi.

Albistearen atzetik erreportajea eskainiko du, gaur, "Ur Handitan" saioak. 22:15etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai.