Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

"Ur Handitan" saioaren denboraldi berriaren estreinaldia, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Xabier Madariagak aurkeztutako saioaren denboraldi berria 10 atalekin itzuliko da Euskal Telebistara. Lehen atalean, Polonia eta Ukraina arteko mugara bidaia egingo dute.

1:36
Xabier Madariaga, ukrainar batekin

Denbora batez isilik egon ondoren, Euskal Telebistako "Ur Handitan" saioak denboraldi berriari ekingo dio gaur. 10 atalekin bueltatuko da Xabier Madariaga kazetariak gidatutako programa eta lehen atalean, aktualitateari heldu eta Polonia eta Ukraina arteko mugara bidaia egingo dute. Errusiaren inbasioaren ondorioz, milaka eta milaka ukrainar herrialdetik ihesi doaz, Bigarren Mundu Gerratik Europan izan den jende exodorik handienean. Ukrainatik ihesi doazen pertsona hauen testigantzak bilduko ditu Ur Handitan. Gerran atalak, mugan zer gertatzen ari den bertatik bertara azalduz.

Gaur hasiko den denboraldi berri hau "Ur Handitan"en zazpigarrena da. Xabier Madariaga kazetariak gidatutako saioak hasiera hasieratik lortu du audientziaren harrera ona eta ETB1eko erreferentziazko erreportaje saioa bilakatu da. Gertuko ikuspuntutik, testigantza pertsonaletatik abiatuta aztertzen ditu "Ur Handitan"ek gizartearen intereseko gaiak eta denboraldi honetan zehar, pandemiak gazteengan izan duen eraginak edota sare sozialak eta indarkeria matxista landuko dituzte, besteak beste.

Ur Handitan. Gerran lehen atala

Denboraldiaren lehen atalean, Ukrainan eta herrialdearen mugan bizi den egoeraren inguruko testigantza ezberdinak jasoko ditu Xabier Madariagak bertatik bertara. Hasteko, Luda Davydenko Orion bizi den 21 urteko ukrainarrarekin izango da. Sorterritik urrun egon arren, oso gertutik sufritzen ari da Ukrainan gertatzen ari den guztia. Ezinegonaz, familiari buruzko informazioa gutxika-gutxika iristen zaiola kontatu du.

Ludarekin egon ondoren, lantaldea Poloniarantz abiatu da. Prezemyslko tren geltokian Daria Alieksieienkorekin egin dute topo. 23 urte ditu eta ukrainarra da sortzez, baina Polonian bizi da. Lantaldeak bidelagun izan du mugan pasa dituzten egunetan, itzultzaile lanak eginez. Gurasoak Ukrainan dituela kontatu du eta horrek ezinegona sortzen dio.

Egunotan protagonismo handia hartu du Prezemyslko geltokiak, izan ere, Ukrainako errefuxiatu asko bertara iristen ari dira; batez ere, emakumeak eta haurrak. Tartean, Natasha, 33 urteko emakumea, eta Alina, 9 urteko bere alaba. Kharkivetik ihes egitea lortu dutela azalduko dute emozioz beteriko elkarrizketa batean. Bestalde, Madriletik muga honetaraino autoz etorri dira Elvira eta Margarita, senitartekoak jaso eta berriz ere Madrilera itzultzeko. Horrelakoak, behin eta berriz ikusi dira egunotan mugako alde honetan.

Tren geltokitik Medykara joango dira eta bertan, Natalia eta Alexei senar-emazte ukrainarrak aurkituko dituzte ilara batean. Nagusiak dira, baina ongi daudela azaldu dute. Beraiek lortu dute Kievetik ihes egin eta muga pasatzea, baina biloba Ukrainako soto batean utzi behar izan dute. Jende ugari geratu da hiriburuan. Egoera hori hobeto ulertu nahian, Mikel Ayestaran kazetariarekin hitz egingo dute, EITBko korrespontsala Kiev hiriburuan.

Dorohuskeko harrera etxea izango dute hurrengo geraleku. Bertan da Sergei, hiru seme-alabekin eta emaztearekin atseden hartzen. 28 urteko ukrainar gaztea frontera joatetik libratu da hiru seme-alabaren aita delako. Hunkituta, laguntza eskatuko dio munduari. Gerran emakumea jomugan dago beti, eta Ane Irazabal kazetariarekin gai horri buruz hausnartuko dute bidean aurrera jarraitu baino lehen. Ondoren, Chelm herriko eliza harrera-zentro bihurtu duen apaizarekin elkartuko dira. Hendrikek 200 ohe egokitu ditu errefuxiatuentzat.

Mundu osotik elkartasun sare indartsuak jarri dira martxan, aurrenekoak Polonian. Aitor Arruza bilbotarra han bizi da, eta Varsoviako bere etxean Ukrainatik iritsi den familia bat hartu du. 

"Ur Handitan" asteartero izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.