Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Belaguako paisaia zoragarrietan barrena, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan

EITB Media

Mendizaletasunaren oroimenean arakatuz, Xabier Madariaga kazetariak Belaguako Angel Oloron aterpea bigarren bizilekutzat duten hainbat euskal herritar ezagutuko ditu.

0:28

Nafarroako iparraldean, Pirinioetan, aurki dezakegu Belaguako bailara. Ametsezko lekua, ederra, ikuste hutsarekin sekula ahazten ez den horietakoa. Mendi harroz eta oihanez inguratutako paisaiek osatzen dute eta euskal herritar askoren oroimenean iltzatuta dago. Hantxe kokatuta, Angel Oloron aterpeak 50 urte bete ditu. Nafarroako mendizale talde baten ekimenez eraiki zuten 1971n, eta, geroztik, hainbat euskal mendizaleren aterpetxea izan da. 11 urtez eraikina abandonatuta egon ostean, duela gutxi, berriz zabaltzea lortu dute. Gaurko "Ur Handitan" saioan Xabier Madariaga Idirin Belaguara joango da egun batzuk pasatzera, eta, paisaia zoragarriz inguratuta, aterpea bigarren bizilekutzat duten hainbat euskal herritar ezagutuko ditu.

Koldo Aldaz Ibarrolaren bizitza mendiari eta Belaguako aterpeari lotuta dago. Mendizaletasunaren erreferenteetako bat da Nafarroan, eta hogei urte baino gehiago daramatza trekking bidaietan gida izaten eta 8.000ko espedizioak egiten. 1981 eta 1993 urte bitartean, Angel Olaran aterpeko guarda izan zen, eta egun zabalik egotearen bultzatzaile nagusienetako bat ere bada. Koldo Aldazekin batera ibili zen aterpean lanean Pedro Luis Urzuriaga Ugalde Burutxo. 80ko hamarkadan izugarrizko giroa zegoela kontatuko digute, eta bertan bizitako momentuak ekarriko dituzte gogora.

Patricia Viscarret Goñi ere aterpea zabaltzeko borrokan ibili zen. Viscarretentzat mendia bere bizitza da, egun mendi gida da, baina txikitako oroitzapenak Belaguarekin lotuta ditu, bertan pasatzen baitzituen oporrak familia osoak. Iruindarra mundu erdian ibili da espedizioak egiten: Andeetan, Karakorumen, Himalayan, Kilimanjaron, Artikoan... baina Belagua da bere lekurik kuttunena. Pakita Bretos Anduezaren senarraren izena darama, egun, Belaguako aterpetxeak. Xabier Madariagak Iruñeko etxean bisitatuko du 95 urteko emakumea. Angel Oloron gogora ekarriko dute, lehen aldiz aterpetxea zabaltzeko lanak nolakoak izan ziren kontatuko dio, eta baita inaugurazioan berriz ere bertan egoteak eragin zion emozioa ere.

Kanpotik doazenentzat ez ezik, Erronkarin bizi direnentzat ere Belagua magikoa da. Isabakoa da Idoia De Miguel Mayo, eta landetxea dauka bertan. Bertatik pasatzen diren bisitariak Belaguara ez igotzea oso arraroa dela dio. Mendiarekin ez ezik, Belagua, nahi ala ez, eskiarekin lotzen dugu. Larra-Belaguako ipar eski guneko zuzendaria da Julen Garjon Alastuey, eta Pekineko Neguko Joko Olinpikoetan, Manex Salsamendiren entrenatzaile izan da. Angel Oloron aterpetzean gaua pasatzea pribilegioa dela aitortu du.

"Ur Handitan" asteartero izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.