Itxi

Zuek hor

Gaur, 22:25ean, ETB1en

Mikel Astarloza eta Estitxu Almandoz kirolariak, 'Zuek Hor!!' saioan

A.E.

EiTB

Asier Odriozola, 'Azpimarra' saioko kazetaria, izango dute elkarrizketatzaile gonbidatu gisa.

Nobedadez karga-karga eginda dator aste honetako 'Zuek Hor!!' ere. Mikel Astarloza txirrindulari ohia eta Estitxu Almandoz harri-jasotzailea izango ditugu gonbidatu, eta Asier Odriozola, 'Azpimarra' saioko kazetaria, arituko da horiei galderak egiten.

Asier Odriozolak Filologia ikasi zuen, baina kazetari lanetan aritu izan da. Euskadi Irratian hasi zen lanean 1989. urtean, eta ordutik EiTBn aritu izan da, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan, eta, irailetik, 'Azpimarra' saioan, Maddalen Iriarterekin batera.

Astero elkarrizketatzaile berri bat izateaz gain, ohikoak diren bi gonbidatu izaten jarraituko du 'Zuek Hor!!' saioak. Aste honetan, kirol mundura egingo dute salto, eta Estitxu Almandoz harri-jasotzailea eta Mikel Astarloza txirrindulari ohia eseriko dira sofa laranjan.

Mikel Astarloza pasaitarra txirrindulari ohia da. 13 urtez txirrindulari profesionala izan ostean, erretiroa hartu zuen 2013an, 33 urte zituela. 2009ko Frantziako Tourrean etapa bat irabazi zuen. Estitxu Almandoz lesakarra, aldiz, harri-jasotzailea da. Txinga-probetan eta sokatiran aritzen bada ere, harria jasotzea da bere pasioa. Iaz bigarren geratu zen Euskal Herriko emakumezkoen harri-jasotzaile txapelketan.

Saioa Aitor Gabilondok gidatuko du, baina bertan izango dira, nola ez, Andoitz eta Gorane haurrak, La Jaio txoni poligonera, Ingalaterrako erregina eta bere seme belarri handia, Torreviejako gizonak, Desfass orkestra... Denen artean, saio umoretsua egitea izango dute helburu.

Aitzol Barandiaran bertsolariak biribilduko du saioa, elkarrizketan zehar gonbidatuek aitortu dituzten bitxikeriekin bertso-bertsio musikatu bat egingo baitu zuzenean, Zukutu Band taldearen ezinbesteko laguntzarekin.

'Zuek Hor!!' saioa, gaur, 22:25ean, ETB1en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista