Politika -

Manifestazioa Altsasun

Erakundeek, sindikatuek eta elkarteek babestu dute Altsasuko martxa

Manifestazioa Udalak deitu du eta Nafarroako Gobernuaren babesa dauka. Altsasun izandako erasoaren ondotik gertatzen ari den guztia "neurriz kanpokoa" dela salatuko dute.

Manifestazioa deitzeko Altsasun egin zuten agerraldi jendetsua. Argazkia: EITB
Manifestazioa deitzeko Altsasun egin zuten agerraldi jendetsua. Argazkia: EITB
Manifestazioa deitzeko Altsasun egin zuten agerraldi jendetsua. Argazkia: EITB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den urriaren 15ean bi guardia zibilek eta haien bikotekideek jasan zuten erasoaren ondotik Altsasuri eman zaion irudia okerra dela adierazteko, manifestazioa izango da larunbat honetan Nafarroako udalerri horretan.

Mobilizazioa Altsasuko Udalak deitu du, 'Altsasuarra ta harro' elkarteak eta atxilotutako gazteen senideen babesarekin, eta erakundeen, alderdi politikoen, sindikatuen eta elkarte sozialen atxikimendua dauka.

Altsasu herri langilea, historiaz eta kulturaz betea dela erakutsi nahi dute, aniztasunean bizitzen badakiena, aniztasuna aberastasuna dela ulertzen duelako. Horixe adierazi dute manifestazioan.

Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak zazpi auzipetuei terrorismo delitua egotzi dietela eta, kezkatuta daude, erasoaren ondotik gertatu den guztia "neurriz kanpokoa”" izan dela iritzita.

Nafarroako Gobernuak eta Foru Parlamentuak ordezkaritza bidaliko dute manifestaziora, atxiloketekin eta erasoa terrorismo ekintzatzat jotzearekin ados ez daudelako eta, aldi berean, "Altsasun eta Nafarroan osoa bakearen eta bizikidetzaren alde" daudela adierazteko.

Sakanako 15 alkatek eta udal ordezkarik ere iragarri dute mobilizazioarekin bat egiten dutela eta Altsasun izango direla. Horrez gain, kasua Auzitegi Nazionaletik Iruñeko epaitegira bueltatzeko eskatu dute.

EH Bildu eta Geroa Bai bezalako alderdiak edo ELA eta LAB sindikatuak manifestazioan izango dira, auzipetuak aske uztea eskatzeko eta Altsasuko herriari babesa emateko.

Bestalde, Javier Hernandez Guardia Zibilaren Nafarroako buruzagiak Altsasuri buruz azken asteotan esan direnekin bat ez datorrela esan du. "Altsasu herri bereziki zaila dela esaten da, baina Guardia Zibilaren baitan ez dugu pertzepzio hori", zehaztu du.

Javier Ollo Altsasuko alkateak esan du larunbateko manifestazioarekin, alde batetik, elkartasuna helarazi nahi dietela auzipetuen senideei, eta bestetik, azken hilabetean gertatu den guztiarekin “nazkatuta” daudela adierazteko.

Urriaren 15eko goizaldean, taberna batean, izandako erasoarekin lotuta bederatzi altsasuar atxilotu zituzten eta horietako zazpi kartzelan daude, atentatu, gorro eta lesio delituak egotzita. 10-15 urte arteko espetxealdia ezar diezaiekete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Nafarroa gaur Albisteak Euskal sindikatuak