Itxi

Ekonomia

Egoera ekonomikoa

Lanpostuen sorrera "oso urrun dago oraindik", Lazpiurren esanetan

Erredakzioa

Confebasken presidenteak esan du horretarako BPG % 2 hazi behar dela eta aurreikuspenek diote EAEko ekonomia % 0,3 bakarrik haziko dela.

Jose Miguel Lazpiur Euskal Enrepresarien Konfederakuntzako (Confebask) presidenteak esan du lanpostuak sortzeko Barne Produktu Gordina % 2 hazi behar dela, eta "oraindik oso urrun gaude", aurreikuspenek EAEn hazkundea % 0,3koa izango dela diotelako.

Lazpiurrek Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketa batean, industrian oinarritutako ekonomia babestu du eta aurreko Jaurlaritzak utzitako egoera ekonomikoa goraipatu du, krisiari aurre egiteko zorpetzea ahalbidetu duelako.

Euskal enpresarien presidenteak ez du argitu lehendakariari aholkularitza emango dion ekonomia adituen taldeko kide ote den, baina adierazi du bai Jaurlaritza honetan, bai aurrekoetan ere, lankidetzan aritzeko asmoa izan dutela beti, "ez dago besterik".

"Harreman horren baitan leialtasuna, konfidentzialtasuna eta diskrezioa daude, beraz, ezin dut esan aditu talde horretan sartuta gauden ala ez", azpimarratu du Lazpiurrek.

Patxi Lopezen Jaurlaritzak ekonomia alorrean egin duenaz, patronalaren presidenteak esan du industria indartzeko proposamenak jarri dituztela mahai gainean eta "badirudi jaramon egin digutela".

Lan erreformaren garrantzia aipatu du, izan ere, "ezin dugu duela 20-30 urteko araudiarekin bizi", eta enplegu politika aktiboen eskumena "premiazkoa" dela azaldu du.

ETAren mehatxua

ETAren mehatxuari buruz, Lazpiurrek esan du egoera ez dela aldatu, "beti bezala gaude". Hala ere, "herria aurrera ateratzen jarraitu beharko" dutela eta euskal enpresariei "esker ona" agertu behar zaiela esan du, ETAren mehatxuaren eta krisiaren aurrean "egin duten lanagatik".