Politika
Protestak kartzelan
Rubalcabak presoei ohartarazi die "ez dutela ezer lortuko"
Erredakzioa
Espainiako Barne ministroak uste du presoen kolektiboaren mobilizazioek barne kohesioarekin dutela "zerikusi handiagoa" kartzela-politikarekin baino.
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak Euskal Preso Politikoen Kolektiboari (EPPK) argi adierazi nahi izan die "ez dutela ezer lortuko" kartzela-politikari dagokionez eta gaineratu du Estatuak ez duela "ezer ere" aldatuko. "Protestak zerikusi handiagoa du presoen barne kohesioarekin kartzela-politikarekin baino, azken 20 urteetako berbera da eta", gaineratu du.
Punto Radiori eskainitako elkarrizketa batean, Rubalcabari EPPKren protesten inguruan galdetu diote. EPPK-k gose greba deitu du kideen artean gaurtik aurrera kartzela-politika salatzeko.
Barne ministroak presoen sakabanaketa izan du hizpide eta Felipe Gonzalezen Gobernuak 1989an indarrean jarritako neurria dela gogoratu du. "Egia da kartzeletan mugimenduak egiten ari garela sakabanaketa geografikoaren politikarekin jarraitzeko", Rubalcabaren esanetan.
ETAko presoak lekualdatzeaz, ministroak azpimarratu du ezin dela berdin tratatu "biktimei barkamena eskatu eta ardura zibila ordaintzen ari den bat" eta "damutu ez" dena eta gainera, "biktimez barre egiten duen bat".
EA-Batasuna
Azkenik, Eusko Alkartasunak ezker abertzalearekin (ETA baztertzen badu) bat egiteko aukeraren inguruan galdetu diote. Hipotesi horien aurrean, Rubalcabak berretsi du Batasunak lehenik "bonbak ala botoak" aukeratu behar dituela demokraziaren araudia errespetatzeko.
"Politika egin nahi badu bi aukera ditu: ETA indarkeria uztera behartzea edo hura baztertzea. Bi aukeretako edozein hartuta ere, Batasunak indarkeriarekin duen harreman oro alde batera uztea ekarriko luke", adierazi du Rubalcabak.