Gizartea
Pandemia
A gripea pandemiatzat hartu izana berretsi du OMEK
Erredakzioa
Osasun erakundeak azpimarratu duenez, jasotako kritika ugariak "mundu osoan izandako 14.000 mila lagun baino gehiagoren heriotzak arinki hartzea da".
Keiji Fukuda Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) alboko zuzendariak Europako Kontseiluan izan da gaur A/H1N1 birusaren hedatzea pandemiatzat hartu izanaren kritikei erantzuteko. Fukudak zehaztu duenez, iritzi horiek "mundu osoan izandako 14.000 mila lagun baino gehiagoren heriotzak arinki hartzea da".
A gripearen pandemia kudeatzeko orduan botere ekonomikoek eragin zutenik ukatu zuen atzo Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta bere adituak eta laguntzaileak interesen gatazketan eror ez daitezen zaintza mekanismoak dituela azaldu zuen.
Azken asteetan, osasun erakundeak kritika ugari jaso ditu, mehatxua handitu eta beldurra zabaldu zuelako duela sei hilabete pandemia ezarri zuenean. Denbora errekorrean txertoa ekoiztea eta gobernu ezberdinek erostea ekarri zuen horrek.
Zaintza
"OMEren aholkularitza taldeen eta adituen batzarren arteko interesen gatazkak gobernatzeko zaintza mekanismo ugari" direla azaldu du erakundeak.
Era berean, pandemia ezartzeko faktoreen artean hurrengoak aipatu ditu OMEk: AH1N1 birusa beste gripe batzuekin alderatuta oso ezberdina zela argi utzi zuten laborategietan egindako azterketek eta, horrez gain, gaixotasun larriak eta heriotza eragin zitzakeen.
Birusaren hedapena "oso azkarra" izan zela azpimarratu du OMEk, eta horrek "munduan pandemia bat" dagoela argi uzten du. Horregatik, pandemia "fartsa bat" izan dela dioten akusazioek arduragabetzat eta okertzat jo ditu.