Itxi

Ekonomia

Gobernuaren erreformak

Erretiroa hartzeko adina 67 urtera atzeratu nahi du Zapaterok

Erredakzioa

Jose Luis Rodriguez Zapaterok bihar egingo duten ministroen kontseiluan proposatuko du erretiroa hartzeko adina atzeratzea.

Espainiako Gobernua jubilaziorako adina 65 urtetik 67ra luzatzeko apustua egingo omen du. Vocento taldeak gaur kaleratu duenez, bihar egingo duten ministroen kontseiluan onartuko dute Jose Luis Rodriguez Zapateroren proposamena. Horren ondotik egitasmoa Parlamentuan eta agente sozialekin eztabaidatuko dute.

Zenbait komunikabidek gaur argitaratu dutenez, erretiroa hartzeko adina atzeratzeko egitasmoa apurka-apurka ezarriko dute 2013. urtetik aurrera eta 2025ean egon litzateke indarrean.

Bestalde, Gerardo Diaz Ferran CEOEko presidenteak atzo adierazi zuenez, ez litzaioke "gaizki" irudituko jubilazioa 70 urtera arte luzatzea, "bizi-itxaropena iraunkorki hazten ari dela kontuan izanda".

Nolanahi ere, aukera hori elkarrizketa sozialerako mahaiak aztertuko beharko lukeela ere zehaztu zuen.