Ekonomia
Adegiren ustez
Gipuzkoako ekonomiak igoera "motela eta ahula" izango du aurten
Erredakzioa
Langabezia ez dela asko igoko eta aurtengoa oraindik urte "latza" izango dela uste dute Gipuzkoako enpresa buruek.
Gipuzkoako ekonomia hazi egingo da 2010. urtean, igoera "motela eta ahula" izango bada ere, Eduardo Zubiaurre Adegi Gipuzkoako enpresa buruen elkartearen presidentearen ustez. Langabezia ez dela asko igoko eta aurtengoa oraindik urte "latza" izango dela uste du Adegik.
Gaur aurkeztu duten ekonomiaren egoeraren inguruko txostenaren arabera, Gipuzkoako hiru enpresetatik bik urtea irabazirik gabe amaituko duela uste du.
Hala ere, atzeraldia amaitu dela azpimarratu dute, eta lanpostuak galtzekotan gutxi izango direla, eta aurtengoan ezer gutxi bada ere Gipuzkoako enpresek gora egingo dutela esan dute.
Beste bi datu ere eman ditu Adegik: batetik, enpresa gehienek gaur egungo langile kopuruari eutsi egingo diotela. Eta bestetik, krisiaren ondoren aurkituko dugun eszenatokia egungoa baino konpetitiboagoa izango dela.
2008-2009 uretako krisia oso krisi "larritzat" jo du Adegik. Gipuzkoako enpresen %68k merkatu kopurua galdu dute; salmentak %26 jaitsi dira eta enpresen ehuneko 81ek eskari ahulak edo oso ahulak izan ditu.
Gainera, 2009 urtean 8.400 lanpostu galdu ziren eta langabezia tasa %11 izatera iritsi zen.