Politika
Langraiz Oka (Araba)
Sei presok ETAren ildoa utzi dute "euren borondatez"
Erredakzioa
EPPKren presoek hasitako gose grebarekin batera, eta Barne Ministerioak duela hilabete hasitako zigor eta sarien politikaren ondoren, iritsi da erabakia.
Langraiz Okako (Araba) espetxean dauden ETAko sei presok "euren borondatez" erakunde armatuaren ildoa utzi dutela iragarri dute gutun batean, El Pais egunkariak gaurko alean jakinarazi duenez.
ETAko kide ohi horiek Fernando de Luis Astarloa, Josu Garcia Corporales, Luis Mari Lizarralde Izagirre, Andoni Altza Hernandez, Jose Manuel Fernandez de Nanclares eta Jose Antonio Hernandez Velasco dira.
Gutunean, presoek argi adierazi nahi izan dute ez dituztela "kanporatu" eta "euren borondatez" utzi dutela ETAren ildoa. Era berean, azken hilabeteotan erakunde armatua utzi dutenen egoera berean daudela ekarri dute gogora (Jose Luis Alvarez Santacristina, Txelis; Kepa Pikabea, Joseba Urrusolo Sistiaga, Karmen Gisasola, Iñaki Rekarte Ibarra, Andoni Muñoz Berrio, Valentin Lasarte, Esteban Murillo eta Jorge Uruñuela).
Hori horrela, bederatzi preso horiek "Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) uzteko erabakia hartu" ondoren ETAk horiek denak kanporatzen zituela iragarri zuela salatu dute.
ETArengandik aldentzeko bidean, Fernando de Luis Astarloak, adibidez, 2003an ez zuen autoasilamendu protestetan parte hartu.
EPPK-k duela gutxi abiarazi duen "borroka ekimenarekin" batera iritsi da Langraiz Okako presoen erabakia. Espainiako eta Frantziako estatuetako presondegietan gose grebak hasi dituzte, eta Arnaldo Otegi eta Batasuneko beste kide batzuk egin dute bat protestekin.
Era berean, Barne Ministerioak azken hilabeteotan presoen sakabanaketan hasi duen zigor eta sarien politikarekin batera iritsi da sei presoon gutuna.