Itxi

Gizartea

Elkarrizketa Radio Euskadin

Familiek nahiago dituzte euskarazko ereduak, Celaaren arabera

Erredakzioa

EAEko aurrematrikulazio kanpaina hasi denean, Hezkuntza sailburuak gaineratu du euskararen aldeko lana gehiago garatuko dela "ingelerarena baino".

Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak onartu duenez, familiek nahiago dituzte euskara duten hizkuntza ereduak. "Familiek badakite zer nahi duten seme-alabentzat eta ez da erraza uste sendo horiek behera botatzea", gaineratu du.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, Celaak EAEn gaur hasi den aurrematrikulazio kanpaina izan du hizpide; izan ere, lehenengo aldiz, gurasoek hizkuntza ereduarekiko duten lehentasuna adierazi ahal izango dute eta horrela, agerian geratuko da "A eredua (dena gazteleraz) hautatzeko aukerarik ez ote zegoen, gurasoen borondatea aldatzeko zelako edo ez zelako gutxieneko eskaintzarik ematen":

Horretarako, Hezkuntza Sailak informatika aplikazio bat jarri du abian eta bertan, familiek hiru ikastetxe hautatuko dituzte eta lehentasunak ezarriko dituzte hizkuntza ereduka. Hala, familia batek A eredua hautatzen badu eta aukeratutako ikastetxean B eredua soilik badago, eskakizuna Hezkuntza Sailaren Ordezkaritzara berbidaliko dute, eta horrek lehenengo ikastetxean B ereduan geratzeko aukera emango dio edo A eredua duen zentro batera bidaliko dute. Lehen, berriz, familia batek A eredua hautatzen bazuen, eskaria "bertan behera" geratzen zen ikastetxeak eskaintzarik ez bazuen.

Celaak berretsi du ikasgela berriak irekitzeko gutxienez 20 ikasle egon behar direla, PPkoek 15ekin ikasgela berria sor daitekeela uste badute ere. Horren harira, sailburuak azpimarratu du Bilboko Eskolapioetan izan ezik, ez dutela "talde handiago bat sortzeko eskaririk izan".

Euskararen aldeko apustua

Hori horrela, euskal familien lehentasuna "euskararen presentzia handiagoa" duten ereduen aldekoa da, Dren (dena euskaraz) aldekoa bereziki.

Hori dela eta, sailburuak azpimarratu du euskal familiek lehentasunak ezartzen dituztenean ez dutela "zertan erratu". "Familiek badakite zer nahi duten seme-alabentzat eta ez da erraza uste sendo horiek behera botatzea", gaineratu du.

Hala ere, Celaak egungo hizkuntza ereduen markoa, "zarata handirik egin gabe", gainditu behar dela aldarrikatu du, gaztelera, euskara eta ingelera izango dituen eredurantz. Haren arabera EAJk eta PPk bide horretatik "jarraitu nahi dute", baina onartu du jauzia ez dela "erraza" izango.

Sailburuak ukatu egin du Galiziako eredua (hiru hizkuntzak berdin sustatzea) kopiatuko dutela, euskal herritarrek "gure hizkuntza propioa, euskara, sustatzeko asmo argia dugulako, baina kataluniera eta galiziera baino zailagoa dela onartu behar da".

Horrenbestez, Celaak zehaztu du euskararekin lan egiten jarraituko dutela, "ingelesarekin baino gehiago". "Hizkuntza koofizialak ingelesa baino gehiago landu behar dira, baina azken hori ere asko landu behar da", gaineratu du.

Biktimak ikasgeletan

Celaak defendatu egin du biktimak ikasgeletara joateko proiektua. Dena dela, sailburuak adierazi du ezin direla biktima guztiak joan, eta beraz, "gorrotoa isurtzen ez dutenen" talde "txiki bat" adostuko dutela Biktimak Artatzeko Zuzendaritzarekin.

Hori horrela, Celaak azaldu du zentroek eurek erabakiko dutela biktimak ikasgeletan egotea nahi duten, edo modu birtualean hitz egingo duten.