Itxi

Mundua

Afganistan

Espainiako tropen baseari eta aireportuari eraso egin diete Heraten

Erredakzioa

Talibanek bi kohete jaurti dituzte, baina ez dute biktimarik ez kalte materialik egin. Carme Chacon Defentsa ministroa gaur bertan iritsi da hiri horretara atzo hil zuten soldadua espainiaratzeko.

Talibanek bi kohete jaurti dituzte Espainiako tropen basearen eta aireportuaren kontra Heraten (Afganistan mendebaldea), baina ez dute biktimarik ez kalte-materialik eragin, hainbat iturri ofizialek jakitera eman dutenez.

ISAFek agiri labur batean jakinarazi duenez, bart izan da erasoa Camp Arena basean, Badghis, Herat, Farah eta Ghor probintzietan.

"Ez da biktimarik ez kalte materialik izan", azaldu dute agirian.

Chacon kudeatuko du espainiaratzea

Carme Chacon Espainiako Defentsa ministroa gaur bertan iritsi da erasoa izan den hirira tropa espainiarren kontrako erasoari buruzko informazioa jasotzeko eta John Felipe Romero hildako soldadua, eta sei zaurituak, espainiaratzeko.

Chacon Heraten 12:00ak zirenean iritsi da eta zaurituei bisita egin ostean, hildako soldaduaren omenaldian parte hartuko du hiri afganistarrean.

Hegazkinean, Chaconez gain, mediku talde bat bertaratu da Espainiako Estatura eramango dituzten zaurituak artatzeko. Hegaldi hori Bartzelonara iritsiko da gaurko azkeneko orduan.