Itxi

Gizartea

Datak euskaraz jartzeagatik

Jaurlaritzak kamioilariaren alde egingo du isuna kentzeko

Erredakzioa

Hizkuntza Politikaren Zuzendaritzak bitartekari lanak egingo ditu Andaluziako Juntaren aurrean. Guardia Zibilaren ustez, kamioilariak takografoko datak faltsutu zituen euskaraz jartzerakoan.

Kamioiaren takografoaren datak euskaraz jartzeagatik, Jaenen Guardia Zibilak 4.601 euroko isunarekin zigortutako kamioilariaren alde egingo du Eusko Jaurlaritzak.

Iragan irailaren 15ean Guardia Zibileko agente batzuek kamioilariaren ibilgailua geldiarazi zuten Jaengo probintzian eta takografoaren diskak eskatu zizkioten. Takografoa gidatze eta atseden denborak kontrolatzen dituen tresna da.

Garraiolariaren diskoetan datak ondo jarrita zeuden, baina euskarazko ordenean, hau da, urtea/hilabetea/eguna, eta ez gazteleraz jartzen den bezala, eguna/hilabetea/urtea.

Guardia Zibilaren arabera, takografoaren diskoan datak euskeraz jartzea "erregistro orriak faltsutzea da", salaketan jarri zuten bezala.

Kamioilariak helegitea aurkeztu du, baina Andaluziako Juntako Obra Publiko eta Garraioen kontseilaritzak Guardia Zibilaren salaketarekin ados dago eta helegitea ukatu du.

Hizkuntza Politikaren Zuzendaritzak bitartekari lanak egingo ditu Andaluziako Juntaren aurrean isuna kentzeko.