Politika
Elkarrizketa ETB-2n
Piñeiroren dimisioa eskatzea "zentzugabea" dela esan du Garciak
Erredakzioa
Ibarretxe auziko epaiak idatzi zituen epaileak "10 arte zenbatzeko" eskatu die EAJri eta EBri, "barregarri ez geratzeko".
Antonio Garcia Magistraturako Elkarte Profesionalaren (APM) presidente eta EAEko Auzitegi Nagusiko epaileak "zentzugabe"tzat jo du EAJk eta EBk Fernando Ruiz Piñeiro auzitegiko presidenteari dimititzeko eskatu izana. Horrenbestez, halako adierazpenak egin baino lehen "10 arte zenbatzeko" eskatu die, "barregarri ez geratzeko".
Gaur goizean ETB-2ko "Egun On Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketa batean, Garciak hizpide hartu ditu bi alderdien dimisio eskakizunak. Auzitegi Gorenak Batasunarekin batzartzeagatik Patxi Lopezen, Juan Jose Ibarretxeren eta Rodolfo Aresen aurkako auzia itxi eta gero egin zituzten eskariok EAJk eta EBk.
Epai horretan, gainera, Gorenak ezarri zuen ezin direla "kriminalizatu" elkarrizketa politikoak.
Hori horrela, Antonio Garciak (Ibarretxe auziko epaiak idatzi zituen epailea) aitortu egin du "zuzenduta" ikusten duela bere burua, "Gorenak oniritzia eman ez dien erabaki batzuetan parte hartu dudalako".
Halaber, Gorenaren erabakia bere ibilbidean "orban" bat izango den galdetu diote, eta hark aitortu du "oso garrantzitsua" dela epaileen erabakiak "zuzentzen, berresten edo baliogabetzen" dituzten. Dena dela, "oso lasai" dagoela ziurtatu du, "egin behar nuena egin bainuen".
"Nik ez nukeen Egunkaria itxiko"
Epailea Egunkaria auziaz ere mintzatu da.
Horren ildotik, "demokrazia liberal" batean egunkari bat ixtea "100 aldiz baino gehiago" pentsatu beharra dagoela nabarmendu du.
"Nik ez nukeen erabaki hori hartuko", gaineratu du.
Otegiren aurkako epaiketa
ETAko preso baten omenaldian parte hartzeagatik Arnaldo Otegiren aurka Auzitegi Nazionalean egindako epaiketari harira, Garciak adierazi du ez dela "normala" akusazioaren froga nagusia itzuli barik egon izana bost urtez.
Gainera, Angela Murillo epaileak Otegiri erakutsitako jarrera kritikatu egin du. "Eskubide guztiak dituen akusatu bati zuzentzeko modua ez zen egokia izan", esan du.