Politika
Polizia operazioa
ETAren etxebizitza bat aurkitu dute Portugalen lehergai ugarirekin
Erredakzioa
Oier Gomez eta Andoni Zengotitabengoa dira etxebizitzatik ihes egindako ustezko ETAko kideak, Portugalgo Poliziaren arabera. ETAko ustezko bi kideek 500 kilo lehergai gordetzen zituzten.
Portugaleko Poliziak ustez ETAk abandonatutako etxebizitza bat topatu du gaur Obidos herri turistikoan, Lisboatik 100 kilometro iparraldera, terrorismoaren aurkako iturriak aipatuta informazio agentziek jakinarazi dutenez.
Aipatu iturrien arabera, barruan lehergai ugari, detonagailuak eta bonba-lapak atzeman dituzte.
Terrorismoaren aurkako borrokaren iturriak aipatuta EFEk jakinarazi duenez, Portugaleko Poliziak astelehenean bi detonagailu zituen furgoneta bat atzeman eta gero abandonatu zuen ETAk gaur atzemandako etxebizitza.
Ikertzaileen ustez, furgoneta horretan zihoazen ETAko kide batzuek kontrol bat ikusi zuten errepidean, eta beraz ibilgailutik alde egin behar izan zuten. Handik eta gutxira, agenteek furgoneta ikusi zuten.
Hipotesi horren arabera, ustezko ETAko kideek etxebizitza ere abandonatzea erabaki zuten orduan.
Etxearen aurkikuntza emakumezko bati esker egin dute, herri batean alokatuta zuen etxe baten maizterrak desagertu egin direla salatu baitzuen.
Etxebizitza utzitako bi ustezko ETAko kideak identifikatu ditu Portugaleko Poliziak: Oier Gomez eta Andoni Zengotitabengoa. Biak zenbait urte ihes eginda daramatzate eta auzokoen laguntzari esker identifikatu ahal izan dituzte.
Etxetik ihes egin zuten ustezko bi ETAko kideek 500 kilo lehergai gordetzen zituzten, Helder Barros Portugalgo Poliziako komandanteak jakitera eman duenez.
Materiala garajean gordetzen zuten eta lehergailuak egiteko beste elementu batzuk aurkitu dituzte bertan.
Urtarrilaren 9an, Portugaleko Poliziak Garikoitz Garcia eta Iratxe Yañez ETAko ustezko kideak atxilotu zituen.
Biak furgonetaz zihoazen eta Guardia Zibilak geldiarazi egin zuen Bermillo de Sayago herrian (Zamora), baina ihes egin zuten. Dena dela, Poliziak atzeman egin zituen handik eta gutxira Portugalen.
Furgoneta barruan lehergaiak zeramatzaten.
ETA Portugalen
Gertakizun horien guztien ondorioz, badirudi baieztatu egin direla Espainiako Segurtasun Indarren susmoak, ETAk Portugalen azpiegitura duela uste baitute.
Bi herrialdeetako Segurtasun Indarrek Garciaren eta Yañezen atxiloketen ostean egin dute lan hipotesi horrekin.
Duela aste batzuk, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak adierazi zuen "zentzuzkoa" dela ETAk han azpiegitura duela pentsatzea, "Frantzian gero eta zailago" baitauka.
Urtarrilaren 21ean, Rubalcaba Portugalgo Barne ministroarekin batzartu zen Toledon, eta gai hori izan zuten hizpide.