Itxi

Mundua

Igandean atxilotua

Israelgo Gorenak ekintzaile kataluniarra askatzeko agindua eman du

Hala ere, bisa egokia ez edukitzeagatik atxilotutako gazteak ezingo du herrialdea utzi epaiketa amaitu arte. Abokatuak dio gaur edo bihar aterako dutela espetxetik.

Israelgo Auzitegi Gorenak Ariadna Jove Marti ekintzaile kataluniarra aske uzteko agindua eman du gaur. Zisjordaniako Ramala hirian atxilotu zuten atzo sarekada batean.

Bisa egokia ez edukitzeagatik atxilotu zuten gazte kataluniarrak ezingo du herrialdetik alde egin haren kontrako epaiketa amaitu arte eta ezingo du Zisjordanian sartu.

Gorenak ebatzi du bost eguneko epea izango dutela Israelen geratzeko baimena eskatzeko. Aurretik, Estatuko Fiskalaren bulegoak onartu egin du atxiloketa "erabat desegokia" izan zela, poliziaren jurisdikzioarekin izan ziren arazo batzuk medio.

Jove Martik eta berekin batera atxilotu zuten Bridgette Chappel australiarrak 3.000 shekeleko (590 euro) bermea ordaindu beharko dute, Jerusalemen bildu diren epaileek erabaki dutenez.

Bi ekintzaileen abokatuak jakinarazi duenez, gaur edo bihar aterako dituzte espetxetik.

Ongi dago

International Solidarity Movementeko kidea da Ariadna Jove eta elkarteko bozeramaile batek gaur jakinarazi duenez, ekintzaile kataluniarra ongi dago eta "ez du bere deportazioaren dokumentua sinatzeko asmorik".

Jove "Israelgo Justiziari aurre egiteko" gogoz dagoela azaldu du bozeramaileak: "Ez du deportazioa eragingo duen dokumenturik sinatuko, militarrek behin eta berriz eskatu arren".