Mundua
Larrialdiko ebakuntza
Clinton "bikain" ari da suspertzen bihotzeko ebakuntzaren ostean
Erredakzioa
AEBetako presidente ohiak gaur bertan jaso lezake senda-agiria, izan ere, medikuak ez du uste bihotzekoak eman zionik; bai, ordea, "bypassetako bat erabat blokeatuta".
Bill Clinton AEBetako presidente ohi eta Haitirako nazioarteko laguntzaren koordinadorea "bikain" ari da suspertzen eta gaur bertan jaso lezake senda-agiria, atzo bihotzeko arazoengatik ebakuntza egin eta gero, medikuak prentsaurrekoan jakitera eman duenez.
"Pronostikoa bikaina da", adierazi du Alan Scwartz medikuak, Manhattaneko ospitale bateko medikuak. AEBetako presidente ohiak bihotzekoa izan duen "zantzurik ez" dagoela zehaztu du.
Kardiologoak azaldu duenez, 63 urteko Clintonek bularrean mina zuelako jo zuen medikuarenera, eta aztertu ostean, ebakuntza egitea erabaki zuen.
Schwartzen arabera, "agintari ohiak dituen lau bypassetako bat, 2004an jarritakoa, erabat blokeatuta zegoen eta horrek eragin zizkion sintomak". Ebakuntzan, kardiologoak bi "stent" jarri dizkio presidente ohiari arteria batean.
Clinton "zutik eta animatuta" egon omen da eta Hillary Rodham Clinton AEBetako Estatu idazkaria eta Chelsea alaba alboan izan ditu momentu oro, medikuak adierazi duenez.