Itxi

Ekonomia

Ministroen Kontseilua

Espainiako Gobernuak gaur onartuko du 426 euroko laguntza luzatzea

Erredakzioa

Luzapenak otsailaren 16tik abuztuaren 15era artean diru-laguntzarik gabe geratu direnei eragingo die, eta horrela, milioi erditik gora langabe izango dira aparteko laguntzak jasoko dituztenak.

Espainiako Gobernuak 426 euroko diru-laguntza sei hilabete luzatzea onartuko du gaur eta horrela, otsailaren 16tik abuztuaren 15era artean diru-laguntzarik gabe geratu direnek jasoko dute laguntza, aurretik jaso ez badute, eta Gobernuak eskuartean dituen datuen arabera, 243.100 pertsona gehiagori eragingo die neurriak eta milioi erdi langabetik gora izango dira aparteko laguntzak jasoko dituztenak.

Hala aurreikusi du Ministroen Kontseiluak, baina gai horretaz gain, ministerioen aurrekontua 5.000 milioi euro murrizteko egitasmoa ere izango dute hizpide.

Lan eta Immigrazio Ministerioak zehaztu duenez, 426 euroko laguntza luzatzeak diru-laguntzarik gabe geratu diren langileei soilik eragingo die.

Era berean, laguntza ezingo dute eskatu orain jasotzen dutenek, izan ere, sei hilabetez soilik jaso daiteke aipatu laguntza, luzatzeko aukerarik gabe. Diru-laguntza jasotzen dutenek lan munduan sartzeko ikastaroetan parte hartzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Lan Ministerioak uste du 500 milioi euroko kostua izango duela neurriak.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea buru izango duen Ministroen Kontseilua 09:30ean hasiko da eta bertan izango dira ministro guztiak, Sustapenekoa eta Kulturakoa izan ezik.