Itxi

Ekonomia

BPGren datuak

Frantziako ekonomiak gora, Alemaniakoak ez aurrera ez atzera

Erredakzioa

Frantziako BPG % 0,6 hazi zen 2009ko azken hiruhilekoan, hirugarrenez jarraian. Alemanian, berriz, hazkundea % 0an geratu zen eta aurreko hiruhilekoen joera eten du.

Euroguneko potentzia ekonomiko nagusiek, Alemaniak eta Frantziak (krisitik irteten hasi ziren lehenengo estatu europarrak), zorte desberdina izan dute datu makroekonomikoen alorrean, 2009ko azken hiruhilekoan. Frantziako Estatuan goranzko joerarekin jarraitu zuten hiruhileko horretan (hirugarrena jarraian) BPG % 0,6 hazita, ekonomia alemaniarra berdin geratu zen.

Frantziako datu positiboarekin, urteko batez besteko hazkundea % –2,2koa izan zen, gerraren ondotik izan den beherakada handiena.

Frantziako ekonomia % 0,2 hazi zen hirugarren hiruhilekoan eta % 0,3 bigarrenean, lehenengo hiruhilekoko % 1,2ko beherakada konpentsatuz.

Alemania, ez aurrera ez atzera

Alemaniako ekonomiaren hazkundea gelditu egin zen 2009ko azken hiru hilabeteetan, aurreko bi hiruhilekoetako errekuperazioa etenda, iturri federalek jakitera eman dutenez.

Barne Produktu Gordina ez zen hazi azken hiruhilekoan, aurreko bietan % 0,4 eta % 0,7 hazi ondoren. Adituek % 0,3ko hazkundea aureikusi zuten.

Estatistika Bulegoak azaldu duenez, esportazioak soilik hazi ziren epe horretan, inportazioek, inbertsioek eta kontsumoak atzera egin zutelarik.

2009 osoa kontuan izanda, aipatu iturriak baieztatu du behin behineko datuen arabera ekonomiak % 5 egin zuela atzera.