Itxi

Ekonomia

Eustaten datuak

EAE atzeralditik atera da

Erredakzioa

Barne Produktu Gordina % 0,2 hazi zen 2009ko laugarren hiruhilekoan. Joera "egonkortu" egingo dela espero du Jaurlaritzak, nahiz eta "zuhurtzia" eskatu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinak (BPG) %0,2ko hazkundea izan du 2009ko laugarren hiruhilekoan, Eustatek zabaldu dituen datuen arabera.

2008an hasi zen beherakadatik lehenengo hazkunde positiboa da, aipatu iturriaren arabera.

Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, EAEko BPG % 2,5 murriztu da, eta hazkunde negatiboa moteldu egin da eta lehengo hiruhilekoan izandako urte arteko minimotik (%-4,1) joera-aldaketa atzeman dute.

Urte osoan, euskal BPGren hazkunde erreala beheranzkoa izan da, % 3,3 hain zuzen ere. Euskal estatistika institutuaren arabera, joera aldaketa industriaren, eraikuntzaren eta merkatuko zerbitzuen bilakaeraren hobekuntzak eragin du.

Eustaten arabera, industria hobeto aritu delako, eraikuntzaren beherakada murriztu delako eta merkatu zerbitzuen bilakaera hobea izan delako jazo da hazkundea.

Ondorioz, gainera, enplegu sorkuntza "arina" jazo da.

Joera egonkortzea espero du Jaurlaritzak

Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak esan du eskuartean dituzten datuek agerian uzten dutela EAEko ekonomia "atzeralditik ateratzen ari dela", eta horrek Jaurlaritzaren 2010eko aurreikuspenak alda ditzakeela, izan ere, BPG % 0,1 haztea espero dute. Gainera, eta "zuhurtzia" eskatu ondoren, joera "egonkortu" egingo dela espero du.

Datuak interpretatzerakoan "zuhurtzia" eskatu behar dela azpimarratu du Aguirrek, zeren oso epe motzari dagozkio eta hazkundea oso murritza da. Dena dela, argi adierazi du "euskal ekonomia atzeralditik ateratzen ari dela" esan daitekeela. "Beranduago sartu ginen eta atzerapen txikiagoarekin aterako gara", gaineratu du.

Iragarri duenez, datorren astelehenean emango dituzte euskal ekonomiari buruzko behin betiko datuak, eta orduan aztertuko dute modu zehatzagoan BPGren joera, eta horren arabera aurtengo aurreikuspenak "errikusiko" dituzte, nahiz eta oraingoz % 0,1eko hazkundea espero duten.