Itxi

Politika

Eusko Alkartasuna

Urizar: "Orain ezker abertzaleak ez du ETA kontuan hartzen"

Erredakzioa

EAko agintariak ezker abertzalearekiko "mesfidantza" dutela aitortu du eta ezker abertzalearen bidea ezin daitekeela ETArekin bateragarria izan esan du.

Peio Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari orokorrak adierazi duenez, "oraingoan ezker abertzaleak ez du ETA kontuan" euren estrategia zehazterakoan, eta hori da gaur egongo egoera eta aurretik porrot egindako prozesuen arteko "desberdintasun handia".

Ezker abertzalean duten debatearen aurrean adi-adi daudela esan du Urizarrek, "espazio nazionalista handia" sortu eta elkarrekin lan egiteko edo ez erabakitzeko.

EAko agintariak ezker abertzalearekiko "mesfidantza" dutela aitortu du. Euren esanetan, ezker abertzaleak soilik demokraziaren bidearen aldeko apustu "argia eta gardena" egin beharko luke proiektu bat elkarrekin hasteko.

"Orain ezker abertzaleak ez duela ETA kontuan hartzen dakigu. ETAk ez du estrategia finkatzen, ez da epaile, aurrera egiteko erabakia eurek hartu dute, ETAk esaten duena kontuan izan gabe", adierazi du Urizarrek.

Bide bateraezinak

Urizarren arabera ezker abertzalearen bidea ezin daiteke ETAren biolentziarekin bateragarria izan, eta horrela izatekotan, ezker abertzaleko agintariek "argi utzi beharko lukete hori ez dela euren bidea eta gainera arbuiatzen dutela".

Ez da nahikoa izango "ETArena eurekin ez doala" esatea, argitu du Urizarrek.