Itxi

Mundua

Datozen bi urteetan

Sarkozyk 270 milioi euro iragarri ditu Haitirentzat

Erredakzioa

Frantziako presidentea Port-au-Princen izan da eta Haitik duen 56 milioi euroko zorra dagoeneko barkatzea erabaki dutela esan du.

Datozen bi urteetan 270 milioi euro emango ditu Frantziak Haitiko ekonomia bultzatzeko, urtarrilaren 12an izandako lurrikarak utzitako hondamendia berreraikitzeko, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak jakitera eman duenez. Sarkozy Port-au-Princen izan da bisitan.

Sarkozyk prentsaurrekoa eman du Rene Preval Haitiko presidentearekin batera. Haitik duen 56 milioi euroko zorra barkatzea erabaki dutela esan du Frantziako agintariak.

1.000 kanpadenda eta 16.000 olana banatuko ditu Frantziak urtaro euritsuan zehar 200.000 lagunek ostatu izan dezaten. Izan ere, urtaroa martxoaren amaiera eta apirila bitartean hasten ohi da.

Gainera, Jean Max Bellerive Haitiko lehen ministroarekin lan egiteko hamar aditu bidaliko ditu Frantziak, bi urtez berreraikitze lanetan laguntzeko. Beste aditu batzuek misioetan parte hartuko dute epe laburrera.