Mundua
Dolu nazionala
Hildakoak gogorarazi ditu Haitik berreraikitzeari leku uzteko
Erredakzioa
"Gure malkoak lehortu behar ditugu Haiti berreraikitzeko", esan du Rene Preval presidenteak. Duela hilabete bat gertatu zen lurrikarak 217.000 hildako eta ia milioi bat lagun etxerik gabe utzi zituen.
Otoitz egiteko bildu da gaur Haitiko herria lurrikarako hildakoak agurtzeko zeremonietan. Bertan otoitzak, abestiak eta malkoak izan dira nagusi, baina eskuak estutu dituzte etorkizuneko eta herria berreraikitzeko itxaropen sinbolo gisa. Lurrikara gertatu zenetik hilabete bat pasa da dagoeneko.
Dolu nazionaleko ihardunaldi honetan herria berreraikitzeko bideari ekiteko dei egin du Rene Preval Haitiko presidenteak.
"Gure malkoak lehortu behar ditugu Haiti berreraikitzeko", esan du agintariak, hildakoak "duintasunez" hilobiratzeko deia eginez. "Kemena" izan behar dutela esan die herritarrei.
Milaka haitiarrek omenaldia egin diete hildako senideei, horietako asko ezin izan baitituzte behar bezala hilobiratu, hobi komunetan lurperatu zituztelako.
217.000 hildako
Urtarrilaren 12an, 16:53ean (Haitiko ordua), 7 graduko lurrikara batek hondamendi izugarria eragin zuen Amerikako Estaturik txiroenean. Lurrikarak 217.000 hildako eta ia milioi bat lagun etxerik gabe utzi zituen.
Bildu den jendetzan beltz koloreko arropak ziren nagusi, baina baita zuriak ere, Haitiko hileta-elizkizunetan ohitura direlako. Gaurko ekitaldiak "adostasun" giroan bizitzeko dei egin die Gobernuak herritarrei.
Port-au-Princeko hondamendiaren ostean doluko hilabete bat ezarri zuten agintariek. Dolua otsailaren 17an amaituko da.
Zeremoniak
Ekitaldi nagusia loreekin txukundutako karpa batean egin dute Notre Dameko Unibertsitateko Erizaintza eskolan, Pacoten. Bertan izan dira Preval, Gobernuko arduradunak, diplomaziako ordezkariak eta pertsona ospetsuak.
Era berean, Petit Goaven, Jacmelen, Leoganen eta lurrikara pairatu zuten beste udalerrietan ekitaldi erlijiosoak izan dira.