Itxi

Teknologia

EITBren Bilboko egoitza

eitb.com-ek 150 enpresari bildu ditu 'Bazkaria 2.0' topaketan

Erredakzioa

Ideateca, hostinet, domainprotect-ek antolatuta eta eitb.com-ek eta M4Fk babestuta, ekimen honek negozio aukera berriak sortzea du helburu, krisi garaian murgilduta egon arren.

Euskal enpresa ezberdinetako 150 Interneteko enpresari elkartu dira gaur Euskal Irrati Telebistak Bilbon duen egoitza nagusian, Bazkaria.com izeneko ekimenaren baitan. Elkar ezagutzea eta negozio aukera berriak sortzea da ekimenaren helburua, krisi ekonomikoa gogor astintzen ari den garai honetan.

Hitzordua eitb.com-ek eta M4Fk babestu dute eta ideatecak, hostinetek eta domainprotectek antolatuta dago. Azken hiru enpresa horietako arduradunek duela lau urte erabaki zuten topaketa hau antolatzea. Dagoeneko bi urtez jarraian burutu da, eitb.com-en laguntzarekin.

Hiru enpresak Madrilek ezagutu ziren eta elkar ezagutzeko Euskaditik zer dela eta atera behar ziren galdetu zioten euren buruari. Gauzak horrela, Bazkaria.com antolatzea erabaki zuten, Internet munduko beste enpresa batzuen berri izateko eta guztiak mahai baten inguruan batzeko.

"Izpiritu horrek bizirik dirau eta urtez-urtez handitzen doa. Norbait bilatzen dugu topalekua jar dezan eta ondoren bakoitzak bere bazkaria ordaintzen du. Goizean nahiz bazkarian, albokoari zertan ari den galdetzean oinarritzen da guztia. Inoiz ez dakizu nor ezagutuko duzun: bezero bat, partner bat edo egunen baten zure negozioan klabea izango den pertsona aurkeztuko dizun laguna", azaldu dute antolatzaileek.

Ekitaldia goizean hasi da, bakarkako aurkezpenak eginez. Ekimenaren bigarren zatian tailerrak egin dituzte, Interneten enpresa bat sortzerakoan izan ohi diren arazoei nola aurre egin eztabaidatzeko.