Ekonomia
Europako Batzordea
Bruselak Google bere nagusitasun egoeraz baliatzen den aztertuko du
Erredakzioa
AEBetako enpresa erraldoiaren kontra jarri dituzten hiru salaketa aztertzen ari da EB, baina gezurtatu egin du "oraingoz" ikerketa formal bat abiatu duela.
Europako Batzordeak jakinarazi du Googleren kontrako hiru salaketa aztertzen ari dela merkatuan duen nagusitasuna gehiegikeriaz erabiltzen ote duen ebazteko, baina gezurtatu egin du "oraingoz" ikerketa formal bat abiatu duela.
"Batzordeak kexaren bat jasotzen duen bakoitzean gertatzen den legez, Googleri jakinarazi zion hilabete hasieran eta alegazioak aurkez zitzala eskatu zion. Batzordea lehiakortasunaren agintari nazionalekin ari da elkarlanean" gaia jorratzeko, Europako Batzordeak igorritako agirian agertzen denez.
Batzordeak esan du "ezin" duela "informazio gehiago eman", Googlek atzo blog korporatibo batean albistearen berri eman ostean.
Googlek eman zuen salaketen berri
"Europako Batzordeak jakinarazi digu hiru konpainiaren kexak jaso dituela: Foundem salerosketa webgune britainiarrarena, ejustice.fr informazio legalaren bilatzaile frantsesarena, eta Microsoften Ciao! salerosketa webgunearena", Julia Holtz Googleren lehiakortasun aholkulariak adierazi duenez.
Holtzek ziurtatu du Googlek ez dituela bere lehiakide nagusiak zigortzen bilaketetako rankingean eta ez duela Interneteko iragarkien alorrean Europan duen nagusitasuna baliatzen prezio altuak mantentzeko.
"Gure algoritmoek erabiltzaileentzako erabilgarrienak diren sarrerei ematen die lehentasuna. Beti egin dugu lan arrakasta modu egokian lortzeko, berrikuntza teknologikoarekin eta produktu liluragarriekin; eta ez gure erabiltzaileak edo iragarleak blokeatuz, edo sartzeko hesi artifizialak eraikiz", Holtzen esanetan.
Googleko agintariak azpimarratu du Ciaorekin beti izan dutela "harreman ona", 2008an Microsoftek erosi zuen arte.
"Hasiera batean, Alemaniako lehiakortasun alorreko agintaritzara eraman zuten kasua, baina orain Bruselara iritsi da", Holtzek azaldu duenez.
Orain arte eta Googlek sektore batzuetan duen pisu handiagatik jaso dituen kritikak medio, inoiz ez dute ikerketarik abiatu Googleren balizko monopolioaren inguruan, Financial Timesek gaur goizean berri eman duenez.