Itxi

Politika

Auzitegi Nazionala

Izagirre espetxeratzeko agindu du epaileak; Enrique Noya, aske

Erredakzioa

ETAko ustezko laguntzaileek furgoneta bat utzi omen zuten Calahorrako Guardia Zibilaren koartelaren kontra eraso egiteko 2008an.

Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak Enrique Noya Santos eta Urko Izagirre ETAko ustezko laguntzaileak galdekatu ditu gaur arratsaldean. Iragan asteartean atxilotu zituzten Bizkaian. Akusazio guztiak ukatu ostean, Enrique Noya aske utzi du epaileak, baina aldizka epaitegian aurkeztu beharko da. Urko Izaguirre, ostera, kartzelara bidali du Andreuk, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenez.

Urko Izagirre Uriartek eta Enrique Noya Santosek ustez furgoneta bat utzi zuten Calahorrako (Errioxa) Guardia Zibilaren koartelaren kontra eraso egiteko 2008ko martxoaren 21ean.

Enrique Noya eta Urko Izagirre iragan asteartean atxilotu zituen Polizia Nazionalak Bilbon eta Algortan (Getxo). Txosnak muntatzeko enpresa batean lan egiten zuten biek, baita Jon Rosalesek eta Adur Aristegik ere.

''Kloratita'' izeneko liburua

Bestalde, Izagirre eta Noya atxilotu eta ordu batzuetara, Poliziak lehergailuak egiteko ''Kloratita'' deitutako esku-liburu bat topatu zuela zabaldu zuten albiste-agentziek, Barne Ministerioa iturri bezala aipatuta.

Alabaina, atxilotuen inguruko iturriek azaldu dutenez, agenteek atxilotuetako bati atzemandakoa ''Kloratita'' izeneko musika talde bizkaitarraren lana baino ez da. Talde horrek disko-liburua kaleratu zuen 2006an, ''Kloratita'' izenarekin.