Itxi

Mundua

Kuba

Lau preso politiko eta disidente bat, gose-greban Kuban

Erredakzioa

Giza Eskubideen eta Herri Berradiskidetza Batzordeak mezuak helarazi dizkie gose-greba bertan behera uzteko; izan ere, Gobernuaren gain eraginik ez du.

Oslando Zapata Tamayo disidentearen heriotza eta gero, beste lau preso politikok eta psikologo disidente batek gose-greba hasi dute azken egunetan Kuban, oposizioko eta diplomazia iturrien arabera.

Eduardo Diaz Fleitas, Diosdado Gonzalez, Nelson Molinet eta Fidel Suarez Cruz dira gose-greba hasi duten presoak. Lehenengo laurak Pinar del Rioko "Kilo 5" kartzelan daude; laugarrena, "Kilo 8"an.

2003an "udaberri beltzean" atxilotutako 75 opositoreetako lau dira hauek; AEBetako mertzenarioak izatea egotzi die Kubako Gobernuak eta 28 urterainoko kartzela-zigorra ezarri die.

Bestalde, Guilermo Fariñas du izena gose-greban dagoen psikologoa. "Coco" ezizenarekin ezaguna da eta "kazetari independenteen" sarean parte hartu du. Santa Clara hirian bizi da.

Kuban existitzen diren 200 bat preso politikoen askatasuna eskatzen dute bost hauek, Gobernuak onartzen ez dituen giza eskubideen aldeko erakundeen arabera.

Elizardo Sanchez Giza Eskubideen eta Herri Berradiskidetza Batzordearen bozeramaileak mezuak helarazi dizkie gose-greba bertan behera uzteko; izan ere, horrelako ekimenek ez dute Gobernuaren gain eraginik.

Zapataren hileta atzo egin zuten bere herrian, Banesen, hain zuzen ere.