albisteak
Elkarrizketa, eitb.com-en
Carlos Sobera: 'Inoiz ez dut ETB utzi nahi izan, nire lehen telebista'
Bea Sever
Barakaldoko aurkezlea etxera itzuli da, larunbat gauetan "Consumidores" aurkeztera. Horrez gain, oholtzetan ikusiko dugu aurten eta, urtarrilean, zinema-aretoetan izango da... euskaraz hitz egiten!
-
Carlos Soberak Adela Gonzalezekin aurkezten du.
ETBra itzuli zara "Consumidores" saioarekin. Zelako saioa ikusiko dugu?
Saio batez ere informatiboa topatuko duzue, pragmatikoa, kontsumitzailearentzat eta herritar arruntarentzat erabilgarria. Aurkezpena entretenigarria izango da, dena atseginagoa eta eramangarriagoa egiteko. Dinamikoa, freskoa eta oso tonu zuzena eta jatorra izango du.
Orduan, gai serioak jorratuko dituzue. Zein da zure papera? Serioago egongo zara? Bekaina mugituko duzu?
Urteak dira ez dudala bekaina mugitzen, atrofiatuta dago. Moderatzaile baten eta informatzaile baten papera egokitu zait. Bai, gai serioak jorratuko ditugu: osasun kontuak, haurren elikadura, kredituak, bankuak, telefonoak... Jendeak kalean bizi dituen benetako arazoak azalduko dira eta, noski, aholku erabilgarriak ematea da gakoa, zer egin jakin dezagun, engaina ez gaitzaten edo gure eskubideak errespeta ditzaten. Informazio maila handia dago, baita teknikoa ere, baina oso modu didaktikoan kontatuta. Hori da Adelak eta biok daukagun zeregina: didaktikoak izatea; astuna izan ez dadin, ezta ulergaitza ere.
Zelako egitura du?
Saioaren lehendabiziko zatian gairik garrantzitsuena azalduko da beti, gizartean eragin handiena duena. Hor, iritzi ezberdinetako 3 edo 4 pertsona ekarriko ditugu eztabaida sortzeko. Ondoren, eguneroko bizitzan sortzen diren arazo errealen inguruko informazio teknikoa emateko beste atal bat egongo da. Aditu bati galdetuz, konponbidea aurkitzen saiatuko gara. Azkenik, pertsona ospetsuak elkarrizketatuko ditugu, horiek ere kontsumo arazoak baitituzte, eta zeintzuk diren eta zelan konpondu dituzten azalduko digute.
Zelako harrera espero duzu?
Jendeak atsegin izatea espero dut. Ez da milioika ikusle lortzeko saio bat, eta ez dut uste ETBk horrelakorik espero duenik, baina saio polita da, oso erabilgarria delako, oso soziala. Telebista publiko bat honelako zerbait egiten ausartzen denean, txalotu egin behar da. Izugarri kezkatuta daude denak audientziekin eta kate batek zerbitzu publiko bat egitea erabakitzen duenean meritua aitortu behar zaio eta txalotu.
Etxera itzuli zara "Date el Bote" amaitu eta urtebetera.
Nik beti esaten dut -eta asko aldarrikatzen dut- ETBk eman dituen aurkezle guztien artean -eta asko izan dira- Madrilera joan eta Madrilen arrakasta lortu dutenenen artean Euskal Telebistatik alde egin ez duen bakarra ni izan naizela:Jorge Fernandez, Emma Garcia, Patricia Gaztañaga, Patxi Alonso, Ramon Garcia, Karlos Argiñano... Zerrenda luzea da. Denak, behin Madrilen arrakasta lortuta, bertan geratu dira. Bat ere ez da itzuli. Nahiz eta oso ondo joan zaidan Madrilen lanean eman ditudan hamabi urte hauetan, bakarra izan naiz oin bat Madrilen izan duena eta beste bat ETBn, nire jendearekin.
Zenbat urte igaro dira unibertsitatea utzi eta Madrilera salto egin zenuenetik?
ETBn hasi nintzenetik 15 urte igaro dira eta unibertsitatea utzi nuenetik, hamahiru. 1997an alde egin nuen Madrilera "Al salir de clase" saioa egitera eta orduan hartu nuen erabakia. Hiru gauza aldi berean ezin nituen egin eta unibertsitatea utzi nuen, min handiz eta nire ikasleen pena handiz; seguru nire falta igarri dutela (kar-kar).
Inoiz ez zara damutu, ezta?
Bere garaian ez nintzen damutu unibertsitatean irakasle hasteaz, aktore lanarekin zerikusi handia duen lanbidea delako, batez ere, antzerkiarekin. Eta utzi izanaz ere ez naiz damutu, hamar urte iraun zuen garai bat izan zelako, eta niretzat oso garrantzitsua izan zen, orain naizena izaten lagundu zidan, baina amaitu zen eta gehiago luzatzeak ez zuen zentzurik.
Baina zuk aktore moduan egin nahi zenuen lan eta aurkezle lanetan ari zara.
Baita aktore lanetan ere. Badakit alde hori ez dela hainbeste ikusten, baina ni aktore joan nintzen Madrilera, "Al salir de clase" egitera, eta hiruzpalau film eta hiru antzezlan egin ditut. Orain, adibidez, Ados Teatroa konpainiarekin nago, Mar Regueras bikotekide dudala, La Guerra de los Rose entseatzen. Zamoran estreinatuko dugu azaroa hasieran, biran. Barakaldora 19, 20 eta 21ean helduko gara; badakit urtarril edo otsailean Bilbon egongo garela, eta apirilean Madrilera helduko gara, Bellas Artes antzokira. Ikusten duzunez, aktore lana, batez ere antzerkikoa, aktore batek gustuen egiten duena, ez dut sekula utzi.
Zazpi urte eman dituzu oholtzara igo barik. Beldur zara?
Badakizu zelakoa den hau, "El hombre propone y Dios dispone". 2004an El club de la corbata antzezteari utzi nion, Antena 3ekin fitxatu nuelako eta orduan nire bizitza asko nahastu zelako. ETBn "Date el Bote" egiten ari nintzen, eguneroko saioa zen, eta eguneroko beste bat egiten hasi nintzen Antena 3en. Bat-batean, ezinezkoa zen antzerkia egiteko astirik topatzea eta antzerkian denbora behar duzu, asko eskatzen duelako, energia asko kentzen dizu, denbora luzea eman behar duzu papera prestatzen eta orain arte ez dut tarterik izan. 2010ean itzultzea pentsatuta nuen, lehentxoago izatea nahi nuen, baina ezin izan nuen eta, azkenean, azaroan egongo naiz berriz ere oholtza gainean. Egia esan, irrikan nago.
Antzerkia zure bihotzeko kutuna al da?
Ez telebista baino gehiago. Onartzen dut telebistan etxean bezala sentitzen naizela, oso komunikabide kaotikoa delako. Inprobisatzeko ahalmena duen jendearentzat da, jende espontaneoa, enpatikoa. Ni horrelakoa naiz nire eguneroko bizitzan; beraz, telebistan nire izaerarako eta nire adierazteko modurako leku ezin hobean nago. Antzerkian diziplina handiagoa dago, kontzentrazioa, ikasi beharra... Esan daiteke nire nortasunarekin zerikusirik ez duten ezaugarriak direla, baina, emaitzak hainbeste asetzen nauenez, oso atsegina da. Baina telebista ere bihotzez maite dut.
Eta zinema-aretoetan Zigortzaileak estreinatuko duzu. Bertan, tratu txarrak ematen dituen aita bat zara eta euskaraz hitz egiten duzu.
Egia da. Aizu, hori sekulako erronka izan zen. Testu luzeak ikasi behar izan nituen eta ikuspuntu fonetikotik ahoskatzeko oso zailak ziren hitzak zituzten. Erronka handia izan zen euskaraz era sinesgarrian egin ahal izatea. Gogo handia nuen, ilusioa nuen eta zera esan nuen: "Saiatuko naiz, bada". Gainera, paper txikia zen, beraz, saiakera egin ahal nuen. Izan ere, luzeagoa izanez gero, gaizki bukatuko zen; baina laburra zenez, animatu nintzen eta ederki irten zen.