Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

EB mehatxupean, migrazio politika bateratu baten faltan

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Italia eta Frantzia aurrez aurre daude. Alemanian ere ez da giro, Seehofer Barne ministroak ez baitio Merkeli jaramonik egin.

Migrazioen auzia benetako gizarte hausturak eragiten ari da Europar Batasuneko (EB) herrialdeetan, eta gainera, kezkatzeko moduko tentsio diplomatikoak sortu dira kide diren herrialdeen artean. Italia eta Frantziaren artean gertatzen ari dena asaldagarria da. Aquarius itsasontziaren harira, agintari frantziarrek eta italiarrek irainaren mugan dauden kritikak egin dizkiote elkarri. Erromak Frantziako enbaxadoreari dei egin dio protesta ofiziala jakinarazteko, eta Italiako Ekonomia ministroak bertan behera utzi du Frantziakoarekin egitekoa zuen bilera. Hori oso larria da, eta ez da inondik inora ohikoa adiskideak diren herrialdeen artean.

Eta, era berean, kezkagarria da Alemanian gertatzen dena. Kristau-demokraten eta sozialdemokraten arteko gobernu koalizioa arriskuan dago migrazioen auziagatik. Ez dago arriskuan Merkel eta sozialdemokraten artean dauden ezberdintasunagatik, Merkel eta beste demokristau baten artean dauden arazoengatik baizik: Seehofer bavariarra da, Barne ministroa. Seehoferek aliantza bat eratu du Italiako eta Austriako Barne ministroekin hiru herrialdeetako migrazio politika gogortzeko. Beste era batera esanda, Seehoferek ez dio Merkeli jaramonik egin.

Zirt ala zart egin behar du EBk. Berehala hartu behar du migrazio politika bateratu bat Europar Batasun osoan, edo Batasunak euroarena baino krisi gogorragoari egin beharko dio aurre.