Itxi

Juanjo Sanmiguel

Analisia

Zer egin?

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Erabakitzeko eskubidea ahoz aho dabilen honetan, europar bakoitzak agian galdera honi erantzun beharko lioke: Prest al zaude ateak ireki eta EBean nahi eta ahal duten guztiak sartzea onartzeko?

Erabakitzeko eskubidea eta erreferendumak ahoz aho dabiltzan honetan, europar bakoitzak agian galdera honi erantzun beharko lioke: Prest al zaude ateak ireki eta Europar Batasunean nahi eta ahal duten guztiak sartzea onartzeko? Eta galdera honen erantzuna ezezkoa balitz, berehala beste honek beharko zukeen erantzuna: Zer egiteko prest zaude, gaur egun kezka iturri dena eta urte gutxi barru arazo larria izan litekeenari erantzuteko?

Migrazioen auziak egoera benetan bitxiak sortu izan ditu Europan. Alemaniako Gobernuak bere mugak irekitzea erabaki zuen 2015ean, hilabete gutxitan ia miloi t’erdi atzerritar sartu ziren lurreko mugetatik, erdiak asilo eskaria egin zuen. Angela Merkelek atzera egin behar izan zuen, Europar Batasuneko beste gobernuek, eta batez ere bere herrikideek garbi adierazi ziotelako ez zeudela hura onartzeko prest. Berez kontserbadorea den gobernuburuak amore eman behar izan zuen ezkertiarragoak diren hainbat agintarik uste izan zutelako elkartasun bidean urrutiegi joan zela.

Gizakia gizaki denetik pertsonen eta taldeen joan etorriak istilu eta arazo eragile izan dira. Edozein lurretako biztanleak haren jabegoa aldarrikatu izan du ondoren etorritakoen aurrean, ahaztuz edo ezkutatuz beraien aurretik beste baten bat han bizi izan zela. Jende askok jaioterrian beraiek edo arbasoek egindako urteak  erakusten dituzte arrazoi ukaezin gisa. Etorkinen historian, hala ere, azkenak iritsitakoak dira gogorren azaltzen direnak etorri berriekiko. Frantzian, etorkin aljeriar eta oro har magrebtarren oldea jaso zutenean, jarrera erasokorrena urte batzuk lehenago iritsitakoena izan zen, baita auzo beretan bizi zirenena, eta lantegietan eta obretan etorritakoen lehia jaso zezaketena ere. Orduan esaten zen burgesia frantsesa ez zela  arrazista, baina egia da ez zuela beharrik, etorkinak ikusi ere ez zituztelako egiten. Estatu Batuetan, munduko herrialde irikiena izan arren orain dela gutxi arte, azkenak iritsitakoak izan ohi dira gogorren aldarrikatu dutenak etorkinei mugak jarri behar zaizkiela.

Etorkinak, herritik alde egin dutenak, ez dira izaten pobreenak edo kultura gutxien dutenak, ausartenak eta prestatuenak baizik. Jasotzen dituzten herrietan aldiz mesfidantza eragiten dute, ezezagunari beldurra… Migrazioek gure mamu guztiak astintzen dituzte, gure egunerokotasun erosoa kolokan jar lezaketelako. Are gehiago Europakoa bezalako gizarte zahartu eta zalantzaz betetakoan. Baina etorkizuna hementxe dago eta egokitzeko gai ez bagara aurrean eramango gaitu. Europa kontinente zaharra eta aberatsa da, oparotasunaren arrazoietako bat behintzat, gogoratzen garenetik, iritsi, borrokatu, nahastu eta iraganaz ahazteko gai izan diren herri ugarien eragina izan da.