Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Immigrazioaren kontrako Europako gobernuak, mokoka

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Austriak, Alemaniak eta Italiak asmo kontrajarriak dituzte mugak ixteko gaian. Horrek argi erakusten du immigrazioaren gaia Europa mailan konpondu behar dela.

Immigrazioaren kontrako blokeko gobernu europarrak hasi dira jada euren arteko liskarrean. Sebastian Kurz da Austriako kantzilerra, immigrazioaren kontra dago eta gainera, Alderdi Liberalarekin koalizioan gobernatzen du, ultraeskuinekoa den alderdiarekin. Austriak, beraz, hegoaldeko bere mugak itxi nahi ditu Italiatik eta Esloveniatik errefuxiatuak sartzea galarazteko, baina ez du iparraldeko muga, Alemaniarekin duena, itxi nahi, ez zaiolako komeni. Alemaniak, ordea, itxi egin nahi du Austriarekin duen muga, edo gutxienez, orain baino gehiago kontrolatu eta Austriara bueltatu muga horretatik sartzen diren etorkinak. Austriak dio kasu horretan bera ez dela etorkin horiekin geratuko, Italiara bidaliko dituela. Eta Italiatik, Salvini Barne ministroak, ateak ixtearen politika bultzatu duenak, dio ezetz, Italiak etorkinak kanporatu nahi dituela, eta ez gehiago hartu. Horrek argi eta garbi erakusten du immigrazioaren gaia Europa mailan konpondu beharrekoa dela, guztion artean, eta ez bakoitzak bere mugari erreparatuz; hori da, ordea, immigrazioaren kontrako blokeak onartu nahi ez duena, argi dagoen zerbait den arren.