Itxi

Bake prozesua

Sortu inskribitzeko debekua

Sortu "mehatxu bat da demokraziarentzat", esan du Auzitegi Gorenak

Erredakzioa

Epaian agertzen denez, ETAk 2009an sortutako estrategia bat jarraitu dute. Zazpi epailek desadostasuna agertu dute, euren ustez Sortuk ez dituelako terrorismoaren ildoak jarraitzen.

Sortu alderdi politiko bezala inskribitzea debekatzen duen epaia zabaldu du Auzitegi Goreneko 61. Salak eta, horren arabera, alderdi berriaren asmoa legez kanpo utzitako Batasuna ordezkatzea da eta, horretarako, ETAk 2009an sortutako estrategia bat jarraitu omen dute. Aukera hori egoteak "mehatxu objektibo eta larria suposatzen du demokraziarentzat", epaiak dioenez.

Erabaki hori hartzeko, Gorenak ETAko ustezko kide batzuei atzemandako agiri batzuk, presoak defendatzen dituen abokatu baten adierazpenak, Batasuna bera, eta Batasunaren eta ETAren artean hainbat bilera (Sorturen inguruan hitz egiteko) egin zirela baieztatzen dituzten egunkarietako albisteak" izan dituzte kontuan.

Halaber, epaileek Estatuaren Segurtasun Indarren hainbat kideren adierazpenak ere entzun dituzte epaiketaren saioetan, salatzaileek aurkeztutako txostenak "neurri handi batean" baieztatzen dituztela.

Gorenarentzat, Sorturen kontrako "zantzu nagusiena" ETAren "Prozesu Demokratikoa" izena duen agirian datza, nahiz eta esaten duen "aurkeztutako ia dokumentu guztiak" garrantzitsuak direla "gertatutakoa ikertzeko".

Dokumentu horiek aintzat hartuta "inolako zalantzarik gabe" ondorioztatu dute 2003ko epaian agertzen zen ETA eta Batasunaren arteko lan-banaketan oinarritutako "banatzearen eskema bera, orain" Sorturekin erabili nahi dela. Epaileen iritziz "inolako zalantzarik gabe" ikus daiteke agiriotan

Boto partikuarra

Epaiak (217 orrikoa) auzi honen erabakiarekin bat ez zetozen zazpi epaileren boto partikularra dakar.

Ados ez ziren epaileen ustez, Sortuk indarkeria "orainaldi indikatiboan" arbuiatu egin du estatutuetan, beraz, "ezin da etorkizunaz ari" eta, halaber, "kale borrokako" ekintzak salatzen zituen prentsa oharra positibotzat jo dute zazpiek.

Iritzi hori eman dutenak Juan Antonio Xiol, Gonzalo Moliner, Jose Manuel Sieira, Jose Luis Calvo, Alberto Jorge Barreiro, Rafael Gimeno-Bayon eta Manuel Alarcón epaileak dira.