Itxi

Jesus Torquemada

Analisia

Trump agerian

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

- Erredakzioa -

Argi dago: Trumpek Zelensky estutu zuen, Estatu Batuetako hauteskundetan eragina izan lezakeen erabakia har zezan.

Estatu Batuetako Ordezkarien Ganbaran, Ukrainako eskandaluari buruz egiten ari diren jendaurreko entzunaldietan argi ari da gelditzen Trumpen jokabidea ezohikoa izan zela, eta zenbaitetan delitu izatera irits zitekeela.

Bill Taylor, Ukrainako gaur egungo enbaxadorearen atzoko deklarazioa suntsitzailea izan zen. Taylorek esan zuen Trumpek diplomazia paralelo moduko bat sortu zuela Ukrainako gobernuarekin harremana izateko, enbaxada alboratuz. Eta diplomazia paralelo hori Rudy Giulianik zuzentzen zuela, presidentearen abokadu pertsonala izan arren inolako kargu publikorik ez duenak.

Taylorek gainera, bide paralelo horren egitekoa zein zen azaldu zuen: Zelensky Ukrainako presidentea estutzea, Hunter Biden ustelkeriagatik ikertuko zutela iragartzeko Ukrainako gas enpresa batean egin zuen lanaren harira. A ze kasualitate!! Hunter Biden Joe Bidenen semea da, hurrengo hauteskundetan Trumpen arerio demokrata izan daitekeena. Semea salatuz, aitaren ospea higatu nahi du Trumpek.

Beraz, argi dago: Trumpek Zelensky estutu zuen, Estatu Batuetako hauteskundetan eragina izan lezakeen erabakia har zezan. Impeachment prozesua hasteko nahikoa eta sobra.